2007an hasi zen Baleike Kultur Elkartea urtero mahaiko egutegia eta DVD bana argitaratzen, eta aurten ere ahalegina egin dugu gure bazkideek kalitatezko bi produktu jaso ditzaten. Gainera, oraintxe da Baleikeko bazkide egiteko une aproposa, egutegia eta DVDa opari emango ditugu eta. Duela 25 urte Bertil Lagerström suediarrak egindako Zumaiako argazkiekin osatu dugu egutegia, eta DVDan Eneko Dorronsororen Ttaup, ttaup, arraun kolpeka dokumentala argitaratu dugu, Tuntuxa, Sonora eta Arraun Elkartearekin elkarlanean, eta Zumaiako Udalaren eta Zumartian plataformaren babesarekin.
