Munduko Surf Zirkuituaren baitako eta Zarautz Surf elkarteak antolatutako San Miguel Pro Zarautz txapelketa FAN 2010 saria jasotzeko hautagai izendatu dute, urteko surf ekitaldirik onenaren mailan. Astelehenean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Bartzelonako Apolo aretoan.
Zarautz Surf Elkarteko lehendakari Mikel Landak adierazi duenez, “errekonozimendu polita litzateke urtero txapelketa aurrera eramateko lanean jarduten duten lagun guztientzat”. Era berean, aurten “koska handia” igo duela gogoratu du: “Sei izarreko txapelketa izan da, eta arrakasta erabatekoa izan da”.
FAN sariak
Iaz abiarazi zituzten FAN sariak. Jakinarazi dutenez, oro har “akziozko kirolei loturiko ekitaldiei, kirolariei, kazetariei, komunikabideei zein kirol probei” banatzen zaizkie sariok. Aditu batzorde batek hartzen du erabakia. Aurtengo ekitaldia zuzenean ikusteko aukera eskaintzen du hondoko atariak: www.trickon.com