Alturako helburuak aurrean

Onintza Lete Arrieta 2010eko abenduaren 16a

“Gure ametsa? Lan Mobel ISB taldean, talde nagusian, garrantzitsuak izatera iristea, eta bertako jokalariak izatea taldearen oinarria”. Argi baino argiago dute, hori baino gauza handiagorik ez legoke Mikel Azkue, Xabier Odriozola eta Ibon Guridi saskibaloi jokalarientzat. Hirurek gertu-gertutik bizi zuten uda hasieran Azkoitiko eta Azpeitiko ISB Iraurgi Saski Baloi Taldeko lehen taldeak Espainiako Zilarrezko LEB mailara lortutako igoera; «mundiala izan zen». Gizonezkoen lehen taldea ez ezik, bigarren taldea eta emakumezkoen talde sortu berriak ere pauso bat aurrera, maila bat gora, egin zuten garai berean, eta «festa eta poza sekulakoak» izan ziren. 2010-2011 denboraldiaren erdialdera iristen ari diren honetan, gainera, emaitza onak ematen ari dira azken bi talde horiek. Gizonezkoen lehen taldearekin, berriz, zailtasun gehiago izaten ari dira. Hamabost taldek hartzen dute parte Espainiako Zilarrezko LEB mailan, eta eskualdekoak hamairugarren tokian daude momentu honetan. Liga hasiera txarra izan dutela diote; «oso txarra». Azkenaldian, egoerari buelta ematen ari dira, azken hiru partidak jarraian irabazi baitituzte. Aurretik, ordea, beste asko galduak dituzte, haiek ere jarraian: «Hiru galdu, bat irabazi, beste lau galdu eta orain hiru irabazi ditugu. Galdutako partida batzuek, gainera, min emandakoak dira, baten edo biren aldearekin galdutakoak ere izan direlako tartean. Horiek irabazi izan bagenitu, sailkapenean askoz aurrerago izango ginateke orain». [...]

“Gure ametsa? Lan Mobel ISB taldean, talde nagusian, garrantzitsuak izatera iristea, eta bertako jokalariak izatea taldearen oinarria”. Argi baino argiago dute, hori baino gauza handiagorik ez legoke Mikel Azkue, Xabier Odriozola eta Ibon Guridi saskibaloi jokalarientzat. Hirurek gertu-gertutik bizi zuten uda hasieran Azkoitiko eta Azpeitiko ISB Iraurgi Saski Baloi Taldeko lehen taldeak Espainiako Zilarrezko LEB mailara lortutako igoera; «mundiala izan zen». Gizonezkoen lehen taldea ez ezik, bigarren taldea eta emakumezkoen talde sortu berriak ere pauso bat aurrera, maila bat gora, egin zuten garai berean, eta «festa eta poza sekulakoak» izan ziren.
2010-2011 denboraldiaren erdialdera iristen ari diren honetan, gainera, emaitza onak ematen ari dira azken bi talde horiek. Gizonezkoen lehen taldearekin, berriz, zailtasun gehiago izaten ari dira. Hamabost taldek hartzen dute parte Espainiako Zilarrezko LEB mailan, eta eskualdekoak hamairugarren tokian daude momentu honetan. Liga hasiera txarra izan dutela diote; «oso txarra». Azkenaldian, egoerari buelta ematen ari dira, azken hiru partidak jarraian irabazi baitituzte. Aurretik, ordea, beste asko galduak dituzte, haiek ere jarraian: «Hiru galdu, bat irabazi, beste lau galdu eta orain hiru irabazi ditugu. Galdutako partida batzuek, gainera, min emandakoak dira, baten edo biren aldearekin galdutakoak ere izan direlako tartean. Horiek irabazi izan bagenitu, sailkapenean askoz aurrerago izango ginateke orain».
Mikel Azkue da lehen taldearekin entrenatu eta bertan jokatu ohi duena, bigarren taldearekin, Lizuan.com ISBrekin, ere aritzen den arren. Odriozolak eta Guridik, berriz, bigarren taldean jokatzen dute, eta entrenatu ere bai, normalean, batzuetan lehen taldearekin ere entrenatzen badute ere. Nolanahi ere, hirurak daude talde baten zein bestearen zerrendetan. Eta lehen taldea, Lan Mobel ISB, barruan sentitzen dute hirurek. Gainera, bigarren taldeko jokalari guztiak Azkoitia-Azpeitia ingurukoak diren bitartean, lehen taldean eskualdeko bi lagun bakarrik aritzen dira: Mikel Azkue azkoitiarra eta Xabier Osa, Xabo zarauztarra. Entrenamenduetan, berriz, sei dira eskualdekoak. Orain arte aipatutako lau lagunetaz gain, Jakes Alberdi azkoitiarra eta Imanol Zubizarreta azpeitiarra, hain zuzen ere. Gainerakoak gipuzkoarrak eta estatubatuarrak dira lehen taldean: «AEBetako hiru jokalari ditugu taldean, Azpeitiko Enparan kalean bizi dira elkarrekin, pisu batean, ederki moldatzen dira». Taldekideekin, berriz, hitz solteka edo seinale bidez jardun behar izaten dutela aitortu dute.


Mailari eustea helburu

Espainiako Zilarrezko LEB mailan aritzeak kanpoko jokalarien presentzia ez ezik, lan erritmoa handitzea ere eskatzen du, eta horretantxe nabaritu dute aldaketa handiena hiru jokalariek: «Liga honetako jokalariek duten erritmoari eutsi ahal izateko lan erritmoa izugarri handitu digute». Astean bi ordutako laupabost saio egiten dituzte, jokatzen dituzten partidez gain. Igandean ere entrenamenduak izatea ez da arraroa. Baina denboraldi honetako helburua «kategoriari eustea» da, eta horrek lana eskatzen du. Gainera, Iraurgiren historian lehen aldiz daude kategoria horretan: «Gure helburua mailari eustea izan behar du, honelako herri batentzat sekulakoa delako Liga honetan aritzea. Izan ere, duela hamar urte Donostiak eta Bilbok bakarrik zituzten taldeak maila horretan, gorago ez zituzten», adierazi du Guridik. Orain Azpeitia eta Santurtzi dira maila horretako euskal taldeak, eta haiek gorago egitea ezinezkoa dela uste dute: «Beste maila bat pasa, eta ACB ligan zaude. Horra iristea ezinezkoa da, milioi asko behar dira, eta kiroldegia bota eta berria egin beharko litzateke, besteak beste».
Horregatik, lortutakoa handia delako, bertan mantentzeko lana gogotik egiten ari dira. Denboraldi amaierara nekatuta iritsi ohi diren arren, gainera, ilusioz aritzen dira azken txanpan, «askotan orduan erabakitzen delako guztia». Aurten ere halako zeozer gertatuko dela dirudi. Izan ere, aurrena doanak 10 puntu ditu, beste horrenbeste partida irabazi dituelako. Lan Mobelek 4 puntu ditu, sei partidaren arteko aldea, beraz: «Hori errekuperatzea oso zaila, ezinezkoa, izaten da», diote. Notizia ona, beste talde asko daudela laupabost punturekin. Euren esku egongo da mailari eustea, beraz.
Gustuko tokian, aldaparik ez
Kanpotik begiratuta, goian mantentzeko sakrifizio handia egin behar dela dirudi. Baina gustuko tokian aldaparik ez dela izaten, eta haientzat inolako sakrifiziorik ez dela diote serio-serio. Zeharo konbentzituta. Jokalariak lanerako gogoz, ilusionatuta, sumatzen dira. Dena emateko prest daude, eta haiek ez ezik, saskibaloiko kantxaren beste aldearekin ere gustura dira; jarraitzaileekin, alegia. Kanpoan jokatzen dutenetan ez, baina etxeko partidetan eserlekuak bete egiten direla diote: «Azkenaldian bigarren taldea ikustera ere ikusleak etortzen hasi dira, azken bi partidetara jende dezente etorri da», dio Odriozolak. Lizuan.com taldearen partidak doakoak dira, Lan Mobel ikusteko, berriz, 10 euro balio du sarrerak bazkide ez direnentzat.
Liga amaierara «saskibaloiaz nazkatuta» iristen direla aitortu dute, baina, era berean, partida interesgarrienak orduan jokatzen dituztenez, ilusioa galtzea zaila izaten da. Bizi egiten dute, argi dago.
Izan ere, partidez eta entrenamenduez gain, lan eta sakrifizio horretaz guztiaz gain, elkartea familia handi bat da, eta elkarri laguntzea ere ezinbestekoa izaten da denek aurrera egin ahal izateko. Garagardo azokan lan egin behar bada, egin egiten dute; eskolarteko partidetan arbitro lanak egin behar badira, egin egiten dituzte; haurrak entrenatu behar badira, hori ere bai. Irribarrea galdu gabe, ordea: «Gustura egingo ez bagenu, guretzat sakrifizioa izango balitz, ez ginateke hemen egongo».


Bigarren taldeaz ere harro

Lehenengo taldea alde batera utzita, bigarren taldeari buruz ere aritu dira hirurak. Mailaz igota, Lehen Nazional Mailan daude;  «sailkapenean bigarren daude, nahiz eta hasieran inork ez zuen gugatik pezeta bat ematen», diote. Argi dute hori: «Maila bat beherago geundenean ere inork ez zuelako gugan sinesten». Iaz denak gazteak zeuden taldean, aurten ere bai, eta martxa ezin hobean doaz. Hala ere, hankak lurrean ondo jarrita dituzte: «Gure hasierako helburua maila mantentzea zen, baina aurre-aurrean gabiltzanez, aurrealde horretan mantentzea da asmoa. Mailaz igotzea oso-oso zaila litzateke». Igoera jokatzeko aukera, berriz, egingarriagoa iruditzen zaie, hori nahi lukete. Kontuak kontu, gustura dira taldea lortzen ari denarekin.
Saskibaloiarekin maiteminduta daude hirurak. 10-12 urterekin gerturatu ziren saskibaloiaren mundura Azkue eta Guridi; 15 urterekin, berriz, Odriozola. Azken hau, izan ere, futbolean aritzen zen lehen, AnaitasunanAzkue, Guridi eta Odriozola. Futbolak duen indar mediatikoa kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa kirol horri halako gorrotoren bat izatea beste kiroletan aritzen direnek. Gazte hauek, ordea, kontrakoa erakutsi dute: «Futbolzaleak ere bagara, noski». Hori bai, saskibaloian denak talde berekoak izan diren bitartean, futbola aipatu eta hasten dira xextrak: Reala eta Athletic, senideen arteko betiko lehia…

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide