Pello Zubiriak (Aginaga, Usurbil, 1958) gertutik ezagutzen du atez ateko bilketa eta sakon aztertu du birziklatzearen auzia. Hori dela eta, birziklatzeak derrigorrezkoa izan behar duen ala ez azalduko du gaur. Zarautz Zero Zabor taldeak antolatu dituen hitzaldi zikloaren baitan arituko da Argia-ko kidea. Taldeak pasa den azaroaren 30erako Peio Lozano EHUko irakaslearen Donostian erraustegi bat? hitzaldia antolatu zuen, eta taldekideen arabera, «izugarrizko arrakasta» izan zuen: «60 bat lagun bildu ziren, zero zabor programak herrian geroz eta interes gehiago pizten duen seinale». Gaur Seattleko eta San Franciscoko (AEB) ereduak aztertuko ditu Zubiriak, eta bosgarren edukiontziaren eta atez ateko bilketaren inguruan jardungo du, 19:30etatik aurrera. Saioa hasi aurretik, Zarautz Zero Zaborrek martxoaren 20an Zubietan egingo duen dantza masiboaren abestia aurkeztuko du, Hartu nahi dut arnas. Hainbat jendek lagundu du abestia osatzen, Egoitz Lasa aktoreak, Xabier Zabala musikariak, Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslariak,besteak beste.
Zein izango da gaurko hitzaldiaren helburua?
Hondakinen inguruan dauden sinesmenak eta aurreiritziak baztertzea da gaurko saioaren xedea. Hernanin gertatutakoa ari da gertatzen Zarautzen. Atez atekoaren eta birziklatzearen inguruan argumentatzeak nahikoa arazo sortzen ditu; askotan komunikazioaz ari gara, baina argumentuak dute garrantzia. Askok esango dute atez atekoa zikina dela, ez dela estetikoa, arratoiak erakartzen dituela, besteak beste. Horri aurre egiteko, Zarautz Zero Zabor taldeak deitu nau nire esperientziaz baliatuta herritarren zalantzak argitzeko. Hala, Hernaniko esperientzia kontatuko diet, gertutik bizi izan baitut.
Nola bizi izan duzu Hernaniko esperientzia?
Konpostaren inguruan hamar bat lagun biltzen hasi ginen. Bertan bildutakook autokonposta egiten genuen, eta horrekiko konpromisoa sentitzen genuen. Gure helburua herritarrak hondakinen inguruan hausnartzera bultzatzea zen. Gerora, Hernaniko Udalak atez ateko prozesua martxan jartzea erabaki zuen, eta sorpresa pozgarria izan zen guretzat. Bide horretan, geuk ere geure ahalegina egin genuen hausnarketa prozesu horri jarraipena emateko, eta hainbat hitzaldi antolatu genuen. Hala, hainbat herritar hondakinak kudeatzeko moduan aldaketak egitearen aurka zegoela ohartu ginen, Usurbilen eta Oiartzunen bere garaian gertatu zen bezala. Hernaniar batzuk inposaketa aipatu zuten, gainera. Haiek birziklatzeak ez zuela inposatua izan behar nabarmendu zuten. Ekologia negoziatu daiteke? Kutsatzea eskubidea izan daiteke? Bi auzi horien inguruan sortu zen orduan eztabaida.
Eta auzi hori izango da, hain zuzen, Zarautzen eskainiko duzun hitzaldiaren ardatza.
Hala da. Birziklatu beharra eta kutsatzeko eskubidea izango dira ardatzak Zarautzen emango dudan hitzaldian. Azken urteotan hainbat gauza erregulatu dira. Egun, esaterako, eraikin publikoetan ezin da erre, eta hori duela urte batzuk sinesgaitza zen. Sekulako ofentsiba egon da jendearen instinturik baxuenak aldatzeko. Eta birziklapenaren kasuan ere egin daiteke; izan ere, kutsatzea ezin daiteke eskubidea izan. Norberak sortutako hondakinak biltzeari ezin zaio inposaketa deitu. Eta inposaketaz ari garela, ezin dugu ahaztu erraustegia. Erraustegia egin nahi dute, eta horrek dakarren kutsadura irentsarazi nahi digute. Hori bai dela inposaketa. Argumentu hori nabarmendu nahi dut hitzaldian.
Birziklatzea lotuta dago atez atekoarekin. Gai hori ere jorratuko al duzu hitzaldian?
Bai. Atez atekoarekin frogatu dena da, behin probatuz gero, erraza dela. Bestalde, hondakinak modu sailkatuan biltzea bosgarren edukiontziarekin zuzenki lotuta dago. Eredu horrek esaten du norbanakoak bere borondatez utz dezakeela sailkatutako hondakina horretara bideratutako edukiontzian, bosgarrenean kasu. Mamu goxagarria da eredu hori. Atez atekoarekin, berriz, hondakin organikoak bere gunean eta bere lekuan utzi behar dira, nahitaez. Eta hori oso estrategikoa da kutsaduraren aurkako borrokan; hala, hondakinen ia %80 birzikla daiteke. Horren inguruan hausnartuko dugu gaur.