Haritz Gartxotenea Zaporra (Zarautz, 1977) eta Aritz Labiano Labi (Zarautz, 1976) Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu berri ditu eta urtebeteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri die bakoitzari. Orain kasua Auzitegi Gorenean dago ebatzi zain. Horren aurrean, Eskuz esku elkarteak manifestaziora deitu du larunbatean. Protesta 19:00etan abiatuko da, Lege Zaharren Enparantzatik.
Espainiako Auzitegi Nazionalak epaia eman du, eta horren aurrean helegitea jarri duzue Auzitegi Gorenean. Izan duzue haren berririk ?
ARITZ LABIANO. Epaia uztailean eman ziguten jakitera. Urria hasieran gure abokatuek helegitea ezarri zuten. Gerora, fiskalak berretsi egin zuen bere eskaera: urtebeteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa erakunde publikoetan lan egiteko, «terrorismoa goratzeagatik». Horren aurrean, abokatuek beste idatzi bat bidali dute Gorenera. Orain behin betiko erantzunaren zain gaude. Epaia hilabete baten edo bi hilabeteren bueltan iritsiko zaigula uste dugu. Horretarako, Goreneko hiru epaileak bildu behar dute, eta hala erabakia hartu. Denbora kontua da.
Zer espero duzue?
A.L.. Egia esan, puntu honetara iritsita, ezin dugu ezer onik espero. Esperantza izan dezakegu, baina oso zaila da Auzitegi Gorenak Nazionalaren epaiari buelta ematea. Nik uste, adibideak aztertuz gero, oso gutxitan gertatu dela halako zerbait. Eta egoera horren aurrean behin betiko epaiari itxarotea besterik ez zaigu geratzen.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ezkutuko lekuko baten salaketari eman dio sinesgarritasuna, zuen hitzei, ordea , ez.
A.L. Zoritxarrez, halako kasu asko izan dira eta daude Euskal Herrian, baita Zarautzen ere. Gure kasua asko zabaldu den arren, beste hainbat herritar daude egoera berean. Hala ere, gure kasua berezia da, ez baitakigu zein den salataria. Argi duguna da salaketak gorrotoa duela oinarrian. Ez da kasualitatea gu biok salatzea, aurrez suspentsoan beste kargu bat dugula jakitun zen salatu gintuena. Kontuan izan behar da Auzitegi Nazionalak epaitu gaituela, eta euskaldunak garenez, hark ez du defendatzeko aukerarik ematen . Eta terrorismoaren lege horren baitan kokatzen bazaitu zer esanik ez. Ez duzu ezer egiterik. Auzitegiko aretoan sartzen zaren unetik konturatzen zara horretaz.
HARITZ GARTXOTENEA. Abokatuek jakinarazi zidatenaren arabera, Auzitegi Nazionalean gertatzen dena ez da Europan beste inon ematen. Ez da nahikoa pertsona baten hitza beste bat epaitzeko; gainontzeko auzitegiek ez dute onartzen hori, frogak aurkezten ez badira, behinik behin. Gure kasuan, berriz, pertsona baten lekukotza soilean oinarritu dira epaia emateko. Gu izan gara, gainera, frogak aurkeztu ditugunak. Baina ez dute ezertarako balio izan.
A. L. Eta horrek kakaren pare sentiarazten zaitu.
H.G. Auzitegi Nazionalean esperantzak ez du lekurik.
Horren aurrean jendeak zuen kasuarekiko babes handia erakutsi du. Jada 1.500 pertsonak adierazi dizue babesa, elkartasun jaialdiak antolatu dituzte, sinadura bilketak… Larunbatean, berriz, manifestazio jendetsua egingo dute.
H.G. Jendeak emandako babesak indartu egin gaitu, eta benetan eskertzekoa da Eskuz esku elkarteak egindako lana.
A.L. Ongi ez gaude, noski. Izan ere, egunero-egunero buruan darabilkigun zerbait da. Baina jendearen babesa sentitzeak lagundu egiten du.
Kontrako jarrerarik jaso al duzue?
H.G. Zuzenean ez behintzat. Kalean gelditu nauen jendeak animoak eman dizkit, edota zer moduz gauden galdetu didate askok. Kezka agertu dute gure egoerarekiko.
A.L. Publikoki ere ez dugu kontrako jarrerarik jaso. Gerta daiteke alderdi politikoren batek edota mugimenduren batek aurkako mezuren bat zabaltzea, baina ez da halakorik gertatu.
Urtebeteko kartzela zigorra ezarri dizuete, eta sei urteko inhabilitazioa erakunde publikoetan lan egiteko. Nola eragiten dizue egoera honek zuen egunerokotasunean?
A.L. Zuzenean eragiten digu ezarritako zigorrak, batez ere, erakunde publikoetan lan egitea debekatzeak. Nire kasuan, suhiltzaile izateko oposaketak egiten ari naiz, eta horrek nire planak aldrebesten dizkit; izan ere, ezin dut jakin hilabete barru kartzelan izango naizen, eta ondorioz, azterketatetara aurkezterik izango dudan. Orain arte egindako lana alferrikakoa izan daiteke, eta horrek etorkizuna birplanteatzera derrigortzen zaitu.
H.G. Nik, berriz, eskola publikoan egiten dut lan, eta kontrako epaia jasoz gero, urte askoan ezingo dut nirean lan egin. Horrek kezka izugarria sortzen digu; etorkizuna berrantolatu beharra dago, beste lan bat bilatu, etab. Horretaz gain, ingurukoek ere kezkatzen gaituzte. Gu indartsu gaude eta jendearen elkartasuna sentitzen dugu, baina senitartekoei ere zuzenean eragiten die. Drama egoera sortzen du.
A.L. Hori dela eta, zerbait egiteko unea da, herritar ugari baitaude «terrorismoa goratu» dutelakoan auzitegira deituak.
H.G. Egun edozein ekintza kontsideratzen dute «terrorismoaren goraipamen». Elkartasuna ere delitu bilakatu dute.
Eta zer egin daiteke?
A.L. Lehenik eta behin, jendea kontzientziatu beharra dago. Behin herritarrak kontzientziatuta, urratsak egitea erraza da. Mobilizazioen eta ekimenen bidez egin daiteke hori. Helburua Espainiako Auzitegi Nazionalean gertatzen dena zabaltzea da, eta nolabait geldiaraztea. Iritzi publikoak indar handia du, eta horretaz baliatu behar gara egoerari aurre egiteko.
