Urteari amaiera emateko, urtero bezala, San Silbestre lasterketa egingo dute Azpeitiko kaleetan zehar hilaren 31ean. Azpeitiko Udalaren babesarekin, hamargarren aldiz antolatu du Xeye Azkoitiko eta Azpeitiko Atletismo taldeak lasterketa, Urola Kostako Hitzari laguntza emateko asmoz. Hala, «partehartze herrikoia» bultzatzea helburu izanda, «urtea korrika eta euskal prentsaren alde» bukatzeko gonbita egin die herritarrei.
Aurtengo lasterketak hainbat «moldaketa» izango du. Aldaketeta nabarmenetarikoa aurtengo edizioan txip horiaren erabilera da; lehenengo aldiz, korrikalariek txip horiaren bidez erregistratuko ahal izango dira lasterketan. Parte hartzaileek euren txip horia eraman dezakete lasterketara, eta horiek 10 ordainduko dituzte. Aldiz, txipa alokatzen dutenek 12 euro ordainduko dituzte. Mikel Oña Afedegi federazioko gerenteak adierazi zuenez, antolatzaileek txip honen erabilera bultzatu nahi dute. «Txip honek inguruko lasterketetan parte hartzera ahalbidetzen du. Mundu mailan liderra da erabilera da hori, eta prezio aldetik ere oso erraza da amortizatzea». Bestalde, kadeteek eta jubenilek bost euro ordainduko dituzte parte hartzeko.
Horrez gain, aurtengo San Silbestre lasterketan ez da diru saririk izango sailkatutako lehenengo korrikalarientzat, elkartearen «egoera ekonomikoa» dela eta. Hori hala, sailkatzen direnek garaikurrak jasoko dituzte. Horrez gain, urdaiazpikoak, ardo botilak eta Talasoterapia Zelaiko sarrerak eta Zelain asteburua pasatzeko zozketatuko dute.
Izena emateko epea zabalik dute korrikalariek jada, eta antolatzaileek nabarmendu dute aurtengo edizioan egunean bertan ezin izango dela izena eman. Azkoitiko eta Azpeitiko guneetan ez ezik, inguruko herrietan ere eman daiteke izena. Hala, Azpeitiko Aitzaki Kirolak eta Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendetan, abenduaren 30era bitartean eman daiteke izena. Halaber, Urola-Kostako Hitzak Azpeitian (Perez Arregi 1, behea) eta Zarautzen (Araba kalea 25) duen egoitzan ere badago izena emateko aukera, abenduaren 23a baino lehen. Aurten, gainera, Kirol Probak taldearen www.kirolprobak.com webgunean izena emanda ere parte hartu daiteke, hilaren 29a baino lehen.
Ohikoa den bezala, mailaka eramango dute aurrera lasterketa, eta guztiak Azpeitiko plaza nagusitik abiatuko dira, baina kategoria bakoitzak ibilbide desberdina egingo du; benjamin neska-mutilek zirkuito txikiari itzulia egingo diote, eta horiek 10:30ean abiatuko dira. Alebinak, berriz, zirkuituari bi itzuli egingo dizkiote, eta guztira 1.300 metro egingo dituzte. 10:40ean irtengo dira horiek. Infantilak, 1.300 metro egingo dituzte lasterka, hiru itzuli izango dira, eta 10:50ean irtengo dira.
Azkenik, lasterketa nagusian, 4.150 metro egingo dituzte kadeteek. Zirkuitu handiari itzuli bat egingo diote horiek, gainontzekoek zirkuituari bi bira emango dizkiete, 8.300 metro guztira. Lasterketa nagusiko korrikalariak 12:00etan abiatuko dira irteeratik.
Azpeitiko Udalak korrikalarientzako aldaketak eta dutxak jarriko ditu eskuragarri Izarraizpe pilotalekuan, eta lasterketa hasi baino ordubete lehenago irekiko dituztela jakinarazi dute. Halaber, ludoteka zerbitzua ere jarriko dute martxan egun horretan, lasterketan parte hartuko duten korrikalarien seme-alabei zuzenduta. «Gurasoen partehartzea erraztea» du helburu zerbitzu honek, eta doakoa izango da. Lau urtetik zazpi urtera bitarteko haurrentzat bideratu dute ludoteka zerbitzua, eta 11:15eatik 13:15eara bitartean egongo da zabalik. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar da, 943-15 00 95 telefonora deituta, kirolak@azpeitia.net helbidera idatzita edota egunean bertan Iturritxiki ludotekara joanda.