Joxe Arregi apaiz ohiak irekiko du gau Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatu duen Kulturaldiak’10 astea. Arregik, Euskal Herrian elizak eta euskarak izan duen harremana azalduko du gaurko ekitaldian, Euskara eta espiritualtasuna izenpean. Kukuherriko aterpetxean hitz egingo du, 19:00etan.Elkarteak lehenengo jardunaldiak antolatu ditu, «eraberrituta» lanera itzuli denetik. Beraz, gaurtik igandera bitartean, Kulturaldia’10 astea egingo dute herriko hainbat txokotan. Elkartea «kalera ateratzeko» helburuarekin antolatu dituzte aste osoko ekitaldiak, herritar guztiei zuzenduta. «Elkartea lanean dagoela erakutsi nahi dugu. Soslai askotasko pertsonentzat antolatu ditugu ekimenak. Herritar guztiengana iristeko, beraz, mota askotako ekintzak izango dira, hainbat lekutan», adierazi dute kideek. Egitarau «anitza eta oparoa» izango dute eskuragarri herritarrek, guztiak ere euskara eta euskal kulturaren inguruan.
Ostegunean, Julen Arexolaleiba Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleak duela hilabete batzuk herrian egin zuten Xiximaxan jardunaldien ondorio soziolonguistikoak azalduko ditu. Jardunaldi horietan herrian euskararen egoeraz zuten pertzeptzioa azaldu zuten parte hartu zuten 60 herritar inguruk. Orain, berriz, saio horren ekarpena azalduko du Arexolaleibak. 19:00etan izango da, Elkargunean.
Ostiralean, Anarik, Rafa Ruedak eta Mikel Urdangarinek kontzertua emango dute Baztartxon 22:00etan. Bertara joateko sarrerak aurrez erosi ahalko dira herriko tabernetan, 10 euroren truke. Elkarteko bazkide direnek egunean bertan eskuratu ahalko dituzte, antzokiko leihatilan, bost euroren truke. Larunbatean haurrentzako lehiaketa egingo dute, ETB1 kateko Mihiluze saioaren modukoa, eta Iban Garatek egingo ditu aurkezle lanak. 17:30ean izango da, Elkargunean. Azkenik, Jose Luis Otamendi azpeitiarrak eta Juan Azpillaga zarauztarrak poesia errezitatuko dute igandean 19:00etan, Matadeixen.
Bestalde, elkarteak bazkide kanpaina martxan jarri du. Hala, Kulturaldiak eta kanpainak izango duen harreraren arabera zehaztuko dituzte aurrerantzean egingo dituzten ekimenak.