Azkoitiko Udalbatzak 2011. urteko behin behineko aurrekontuak onartu zituen atzo egindako ez ohiko bilkuran. Datorren urteko aurrekontu kontsolidatua 18.761.983 eurokoa izango da, eta zatirik handiena Azkoitiko Udalaren aurrekontura bideratu dute. Hori hala, Udalak 11.902.445 euro izango du datorren urtean bere jardunbiderako. Azkoitiko EAJ eta PSOE alderdien aldeko botoekin onartu dute aurrekontu orokorra. Ezker abertzaleak eta Batera taldeak ezezko botoa eman zuten. Hala ere, Udalaren aurrekontuari dagokionean ezker abertzalea abstenitu egin zen.
Bigarren partidarik handiena Azkoitia Lantzen S.A. sozietateak izango du. Zehazki 3.545.123 euro izango du bere jardunerako. San Jose egoitzak, berriz, 2.532.500 euro izango du 2011. urterako, eta Zubiaurre-Elkarguneak 781.914,60 euro.
Udalak datorren urtekoa “aurtengo aurrekontuen jarraipena” izan dadin nahi du. Hori dela eta, jeltzaleen irizpideak “gizarte ongizateko laguntzak eta jarduera publikoa sustatzen duten arloak mantentzea” izan dira.
Kontrataziora eta mantenimentura bideratuko du Udalak datorren urteko aurrekontuko zatirik handiena. Baina egungo aurrekontuarekin alderatuta, %0,57 murriztuko dute arlo horretara zuzendutakoa. Kale garbiketa, lorazaintza eta udal eraikinaren garbiketa barne hartzen du arloak, eta Udalaren aurrekontuaren herena osatzen du; 4.972.025 euro, hain zuzen ere.
Bide beretik, arlo horretan egingo du inbertsio handiena: 1.164.292,99 euro bideratuko du horretara. Dena den, aurten baino %77,47 gutxiago da hori. Udalaren arabera, “murrizketa handia” izan da, Xabier Munibe ikastolaren egoitza berria egiteko eskumena Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu duelako. Datorren urteko inbertsioei begira, diru gehien haurreskola egokitzeari eskainiko diote, 200.000 euro, hain zuzen ere.
Aurrekontu horien baitan, pertsonal gastuak ere murriztu egingo dituzte datorren urtera begira. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, antzeko gastua izango dute pertsonal gastuek, baina langileen eta goi-karguen soldata-masa %3,24 murriztuko dute.
Diru-sarrerei dagokienez, berriz, 7.065.422 euroko funtsa eskuratuko dute Gipuzkoako Foru Aldunditik, aurten baino %1,51 gehiago, hain zuzen ere. Halaber, egitekoak diren hirigintza proiektuei esker, diru sarrerek %107,40ko hazkundea izango dute. Orain arte ez bezala, jeltzaleek, aurreikusten dute eraikuntza tasetatik jasoko duten erdia enpresak eraikitzetik bilduko dutela. Arlo horretan, beraz, Oinartxoko instalazioetatik etorriko zaie diru-sarrera handiena.
Batera taldeak ezezko botoa eman zuen bilkuran onartu ziren puntu guztiei; hau da, aurrekontu kontsolidatuari, udal aurrekontuei, San Jose Egoitzako aurrekontuei eta Zubiaurre-Elkarguneko aurrekontuei. Honakoa adierazi zuen aurrekontu orokorren inguruan: “Aurreko urteetan aurrekontuei baiezkoa eman izan diegu. Baina ikusi dugu zenbait puntu ez direla garatu. Hori hala izanik, orain arte gure konfiantza eman izan diogu Udalari, baina oraingoan alderantzizko prozesua izan dadin nahi dugu”. Batera taldeak haurreskolaren inguruan eramaten ari den prozesuarekiko “zalantzak” dituztela esan zuen. Halaber, Maxixatzen elkartearentzat diru laguntzen abiapuntuak zehaztea edota zinegotzi guztiak liberatuta egoteko aukera izatea proposatu zuen.
Ezker abertzaleak ere ezezkoa eman dio aurrekontu kontsolidatuari. Kopuru horretako “zati handi bat” Azkoitia Lantzenentzako dela, eta, bertako kudeaketa “lausoegia” dela argudiatu du, besteak beste. Halaber, Intxausti eremuan etxebizitzak egitea aurreikusten duen proiektuarekiko, “gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, Udalak partida handiegiak” proposatzen duela jakinarazi du etxebizitza politikari begira.