Joseba Permach, Arnaldo Otegi eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak absolbitu dituzte. Hiru lagunak 2004ko azaroaren 14an Batasunak Anoetako belodromoan egindako bake proposamenaren ekitaldian «terrorismoa goratzeagatik» epaitu dituzte. Pasa den azaroaren 11ean hasi zen epaiketa eta hurrengo egunean amaitu zen. Epaia, ordea, atzo eman zuten jakitera. Hamazazpi orriko autoak dio ezker abertzaleko kideok ez zirela Anoetako ekitaldiko arduradunak izan. Ez da frogatu, beraz, ekitaldiaren «diseinatzaile eta erantzule» direnik. Era berean, epaiak dioenez, Otegik «hitzaldi politikoa» eskaini zuen iazko azaroan Anoetako belodromoan, eta «gatazka gainditzeko negoziazio beharraz» aritu zen. Ildo horretatik, «Permach, Otegi eta Alvarez ezin dira kondenatu ekitaldiaren xedearen kontrakoa egiteagatik»; hau da, «indarkeria goraipatzeagatik». Bestalde, «delitu izan zitezkeen» bi ekintza egon zirela nabarmendu dute idatzian: batetik, hildako ETAkideen bideoa erakutsi zuten belodromoko pantailan; bestetik, berriz, txanodu talde batek zutabeak banatu zituzten. Ekintza horietan ere hiru lagunek ez zutela parte hartu jaso dute epaian. Erantzunak PPko Leopoldo Barreda legebiltzarkideak «epaia errespetatzen» duela adierazi die komunikabideei. Hala ere, «aurrez egindako hankasartzea errepika ez dadin» eskatu du: «Delitu ez izanak ez du esan nahi eginikoa demokratikoki zilegi denik». EB Ezker Batuako Mikel Arana legebiltzarkideak, berriz, «epaiak erakusten duen moduan epaiketa zentzugabea» izan dela nabarmendu du. Hori dela eta, Otegi «lehenbailehen» aske uzteko eskatu du Aranak. «Indarkeria baztertu» Fiskalak hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen hiruentzat, eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroa herri akusazioak ere berdin jokatu zuen. Harek bosna urteko kartzela zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa eskatu du Permachentzat, Otegirentzat eta Alvarezentzat. Epaiketaren lehenengo egunean deklaratu zuten auzipetuek, eta «Batasunak aurkeztutako bake proposamenean ez zela ETA goretsi» adierazi zuten, eta «proiektu politiko bat inposatzeko indarkeria erabiltzea» baztertzen zutela gehitu