Eguneko Zentroko aparkalekuen eskaera egiteko epea ireki dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2010eko abenduaren 8a

Maria Etxe Txiki Eguneko Zentroko aparkalekuak eskatzeko epea zabaldu du Udalak. Hala, abenduaren 29ra bitartean egin ahal izango dute interesa dutenek garaje plazaren eskaera.

Eskatzaileek Zarautz-Lur erakundean (Salegi kalea, 14) aurkeztu beharko...

Maria Etxe Txiki Eguneko Zentroko aparkalekuak eskatzeko epea zabaldu du Udalak. Hala, abenduaren 29ra bitartean egin ahal izango dute interesa dutenek garaje plazaren eskaera.
Eskatzaileek Zarautz-Lur erakundean (Salegi kalea, 14) aurkeztu beharko dute eskaera orria, egunero 10:00etatik 14:00etara, eta asteartetan eta ostegunetan baita arratsaldetan ere, 16:30-19:00 bitartean, alegia. Era berean, 943005129 zenbakira hots eginez edota zarautz-lur@zarautz.org helbidera mezua igorriz jakitera eman dezakete herritarrek euren nahia.
Interesa dutenek Kutxako 21010226610011599057 kontu korrontean 100 euro sartu beharko dituzte, fidantza gisa. Gerora, eskaera orriarekin batera eman beharko dute. Behin aparkaleku plazen esleipena eginda, garaje plaza suertatu ez zaien herritarrei kopuru hori itzuliko zaie.
24.000 euro
Aparkaleku bakoitzak 24.000 euroko kostua izango du, eta 60 urteko iraupena izango du emakidak. Guztira 47 plaza ditu Eguneko Zentroko behe solairuko aparkalekuak. Horietatik sei komunitate-ekipamenduaren berezko premietarako gorde dira. Beste bi plaza, berriz, gutxitu fisikoentzat izango dira.
Udalbatzak irailaren 27an onartu zuen Eguneko Zentroko behe solairuan bizilagunentzako lurpeko aparkaleku zerbitzua martxan jartzea. Era berean, Udalak berak zuzenean kudeatzea erabaki zuten ordezkariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide