Bihar ekingo diote Euskarasteari, Nor bere aldetik ibili gabe, elkarren ondoan hobeto ibiliko garelako lemapean. Amaia Ostolaza AEKko kideak adierazi duenez, aurten euskara sustatzeko bidean indarrak elkartzea da zabalduko duten mezua. «Euskara arlo guztietara zabaltzeko onena elkarrekin egitea dela diogu» nabarmendu du AEKko kideak.
Euskarastea AEKak eta EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak urtero antolatzen duten galduezineko ekitaldia da, Urola Kostako Hitzak eta Xakela Gaztetxe Asanbladak babestutako ekimena. «Euskal ekintza kuturalak sortu eta sustatzea da ekitaldiaren helburua, eta ondorioz, euskararen erabilera bultzatzea» azaldu du Ostolazak.
«Sorpresa»
Jaialdiari Kopla Txapelketarekin emango diote hasiera. Laugarren urtez, Putzuzulo Amets Fabrika jendez beteko duen bertso emanaldia «sorpresazkoa» izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Jakin-mina mantentzearren, antolatzaileek ez dituzte parte-hartzaileen izenak jakitera eman. Sarrerak egunean bertan, bihar alegia, eskuratu ahal izangodira Gaztetxean 20:00etatik aurrera.
Kopla Txapelketaz gain, beste hainbat ekintza kultural antolatu ditu AEKak eta EHEk. Igandean, esaterako, Asier Sotak zuzendutako Xentimorik gabe antzezlana izango da Putzuzulon. Bost euroren truke, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreak eskenatoki gainean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Era berean, beste hainbat ekitaldi izango da, dokumental emanaldia eta Jo aldaba eta sartu ezkatzea ekitaldia, esaterako. Jaialdiari amaiera emateko, berriz, Santo Tomas Azoka antolatuko dute hilaren 18an, Lege Zaharren Enparantzan.
Euskarasteko egitaraua egunez egun
Abenduak 10, etzi
22:00. Kopla Txapelketa, Putzuzulo Gaztetxean. Sarrerak egun bertan jarriko dituzte salgai, 20:00etatik aurera.
abenduak 12, igandea
19:00. Xentimorik gabe antzezlana, Putzuzulo Gaztetxean. Asier Sotak zuzendutako lana da, eta Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak egingo dituzte aktore lanak. Sarrerak bost euroko kostua du.
Abenduak 14, asteartea
19:00. Izan, egin, eragin dokumentala eskainiko dute, Putzuzulo Gaztetxean. Ondoren, solasaldia izango da.
Abenduak 15, asteazkena
19:00. Jo aldaba eta sartu ezkatzea ekitaldia, Euskadiko Kutxako aretoan.
Abenduak 18, larunbata
Egunean zehar. Santo Tomas Azoka, Lege Zaharren Enparantzan. Baserritarren eta artisauen postuak, txistor lehiaketa eta taloak, besteak beste. bertsolariek, txistulariek eta trikitilariek alaituta eta Arraio irratiak girotuta.
