«Lehenengo alaba jaio bezain pronto erregistratu nahi izan nuen euskaraz. Nire asmoa, ordea, bertan behera geratu zen erregistroko liburua zabaldu nuenean. Idatzia gaztelaniaz zegoen». Iratxe Aranburuk bigarren haurra izango du aurki eta egoera berarekin topo egingo duen beldur da: «Gure oinordekoak euskaraz erregistratu ahal izateko eskaera egin genuen, eta ez genuen erantzunik jaso. Azpeitiko erregistro zibilera ere jo genuen, baina bertan ere kasu gutxi egin ziguten. Laberinto juridikoa da, eta eskaera asko eta asko bidean geratzen dira».
Eskakizunok izan zuten erantzunik, baina «erdibideko irtenbidea» eman zietela nabarmendu du: «Egin genezakeen zerbait dela adierazi ziguten, baina horretarako baliabiderik ez zegoela esan». Hori dela eta, gaztelaniazko liburuan euskaraz erregistratzeko aukera eskaini zieten.
Ildo horretatik, hizkuntza eskubidea aldarrikatu du Aranburuk: «Gurasook gure seme-alabentzat onena nahi dugu, eta euskararen altxorra eurei eskaintzea gure eskubidea da; legeak baimentzen du, gainera».
«Elurrez betetako mendi tontorrera bidean goaz, gure arbasoek egin zuten moduan. Hala ere, tontorrera iristeko oztopoak ditugu. Elurra urtu behar dugu horretarako, azken urratsa eman», adierazi du: «Gure herrian euskaraz bizi ahal izateko azken pausoa eman behar dugu».
Hizkuntza eskubidea urratuta
Zarauzko EHE Euskal Herrian Euskaraz taldekoak Zarautzen haurrak euskaraz erregistratzeko arazoa salatu du. «Zarautzen hala nahi duten gurasoek ezin dituzte euren seme-alabak euskaraz erregistratu epaitegian. Gure herrian euskaraz bizi nahi dugunoi jaiotzen garen une beretik urratzen zaigu eskubide hori, eta kasu askotan, gainera, administrazioa bera da eskubide hori ukatzen diguna», adierazi zuen EHEko taldekide Saioa Arizmendik pasa den ostiralean egindako agerraldian. Era berean, «kasua ez dela isolatua» azaldu zuen; hainbat herritako errealitatea da.
Hori dela eta, erakundeei eta herritarrei gurasogaien eskaerari babesa emateko eskatu diete, eta egoera horren aurrean Udalari eta bitartekoei martxan jartzeko adierazi. «Gure eskubideak bermatzeko ordua da, oztopoak gainditzearren eskuhartzeko garaia. Zertarako dira eskubideak biderik egiterik ez badago?», azaldu du EHEko kide Idoia Agotek.
Hori dela eta, «orotariko hizkuntza urraketak» salatzeko EHE taldearekin harremanetan jartzeko eskatu diete herritarrei, zarautz@euskalherrianeuskaraz.org helbidera mezua bidalita.
Aurrerapauso «eskasak»
«Mendi tontorrera heltze aldera», aurrerapauso «eskasak» eman direla nabarmendu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik: «2005ean erregistro zibilen legea aldatu zuten, gaztelania ez ziren beste hizkuntzei bidea irekitzeko.Duela bost urtetatik, beraz, ez dago oztopo legalik euskaraz erregistratatzeko. Eskubidea aitortu arren, ez dute baliabiderik ematen, aitzakiak baizik».«Zoritxarrez, egun oraindik euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuta jarraitzen du».