Delegazioaren erabakiaren zain, TSko langileek mobilizaziora deitu dute

Olatz Prat 2010eko abenduaren 7a

Joan den urriaren amaiera aldera langileek iragarri bezala, TS Fundicioneseko zuzendaritzak 75 langile kaleratzeko espedientea Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioan aurkeztu du eta datorren astean jakinaraziko dute espedientea onartu duten ala ez

Joan den urriaren amaiera aldera langileek iragarri bezala, TS Fundicioneseko zuzendaritzak 75 langile kaleratzeko espedientea Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioan aurkeztu duela adierazi dio ELA sindikatuak Urola Kostako Hitzari eta datorren astean jakinaraziko dute espedientea onartu duten ala ez. Zubia dela-eta, TS Fundiciones enpresa itxita dago eta Hitzak ezin izan du informazioa enpresako zuzendaritzarekin egiaztatu.
Datorren astelehena bitartean negoziazio epean daude, hau da,  langileek euren proposamenak egin eta erabakia atzera botatzen saiatzeko aukera dute egunotan. Horregatik, negoziazioko azken aste honetan, mobilizaziorako deia egin dute galdategiko beharginek duela hilabete askotik jasaten ari diren egoera eta lan baldintzak salatzeko eta, batez ere, 75 langileren kaleratze masiboa ekiditeko.
Ostegunean, 14:00etan TSk Arroan duen lantegitik autopistako biribilguneraino joango dira eta han elkarretaratzea egingo dute. Bestetik, larunbatean, goizeko 11:00etan manifestazioa egingo dute Zestoako kaleetan.
Orain aurkeztutakoaz gain, TS Fundicionesek beste bi etendura espediente  aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioan: lehena 2010eko urtarrilan, 40 lagunen kontratuak bertan behera uzteko eskatuz eta, berdin, 40 lagun kaleratzeko proposamena egin zuen joan den ekainean ere. Biak ukatu zizkion Delegazioak. Dena den, oraingoan  espedientea onartuko balu eta 75 behargin kaleratzeko baimena emango balu, kaleratze horien baldintzak negoziatzeari ekingo diote.
Langileekin eta enpresako zuzendaritzarekin bildu ostean, Lan Ikuskaritzak enpresaren egoerari buruzko txostena egin du  eta Lan Delegazioaren esku dago orain, hark erabakia hartzerakoan kontuan izan dezan.
Urte eta erdi kolokan
2009ko apirilean hasi ziren TS Fundicioneseko langileak krisiaren egurkadak pairatzen. Lehenik % 60ko LETa aplikatu zitzaien eta 2010eko urtarrilean %70ekoa.  Hil horretan bertan, Delegazioak 40 lagunen etendura espedientea ukatzean, 20 lagun kaleratu zituzten kaleratze objektiboen prozeduraz.  2010eko uztailaren bukaeratik %80ko LET baten pean dihardute lanean beharginek; hori dela-eta, langile askori langabezia agortzen ari zaio edo agortu zaio jada.
TS Fundicionesek, 330 langile zituen 2008an. 75 lagun hauek kaleratuz gero, 165 langile geldituko liratezke bertan; bi urtetan lantalde erdia, beraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide