Gaur eguerdian Getariako udalbatzar aretoan Getariako Ahotsak proiektua aurkeztu dute Getariako alkate Andoni Aristik eta ekimenean lanean aritu diren Badihardugu Euskara Elkarteko Asier Sarasuak eta Eider Etxeberriak. Ekitaldian hirurek eskerrak eman dizkiete proiektuan parte hartu duten adineko getariarrei, «euren ekarpenagatik izan ez balitz Getariako euskaren ondarea jasotzea ezinezkoa izango litzateke eta» azaldu du Aristik.
Herritarrei elkarrizketak
Badihardugu Euskara Elkarteko kide Sarasuak azaldu duenez Getariako euskara jasotzeko 80 urte inguruko getariarrak elkarrizketatu dituzte. «Lehen elkarrizketa erronda orain dela bizpahiru urte egin genuen eta benetan gustora geratu ginen emaitzarekin. Elkarrizketa horien bitartez Getariako euskara ezagutzeaz gain, ohiturak eta bizimodua ere ezagutu nahi izan ditugu. Argi izan behar dugu adineko getariarrak direla herria zenbat aldatu den dakitenak eta eurak baino hobeto inork ezin du azaldu garai zaharretako bizimodua» adierazi zuen Sarasuak aurkezpenean.
Getariako Ahotsak proiektuko kideak ahal dela 80 urtetik gorako herritarrak elkarrizketatzen saiatu dira, «horrela gerra aurreko historia ere jasotzeko. Alde batetik, beraien gaztetako bizimoduari buruzko informazioa dugu, eta bestetik, euskara bera jasotzen dugu».
Hasiera horretan 20 lagun elkarrizketatu zituzten eta aurten beste dozena erdi. Badihardugu Taldeko kide Eider Etxeberriak azaldu duenez, «mota askotako jendea elkarrizketatu dugu: betitik herrigunean bizi izan direnak, baserritarrak, arrantzaleak, San Prudentziokoak nahiz Askizukoak. Euren bizimodua kontatzeaz gain, abestu ere egin digute. Ikus-entzunekoa oso erakargarria eta interesgarria da».
Proiektuaren muina
Getariako Ahotsak proiketua Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren baitako ekimena da eta Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea du helburu.
Proiektuak hiru fase ditu. Orain dela bizpahiru urte abiatu zuten lehen fasea Getarian eta hasiera horretan lan taldeko kideek adineko getariarrak elkarrizketatu zituzten euren euskara, bizimodua eta ohiturak ezagutzeko. Behin materiala jasota zutenean, ordubete inguruko elkarrizketa horiek txukundu egin zituzten. «Grabazioak luzeak dira eta bakoitza minutuz minutu laburtzen da 2-4 minutuko pasarteak sortuz. Pasarte horietako bakoitzak honako informazioa izaten du laburtze edo kodifikazio lan hori amaitzerakoan: izenburua, pasartearen laburpena, iraupena, gai-kodea eta transkripzioa».
Ahotsak proiektuko kideek Getariako hizkuntza aztertutakoan besteak beste hurrengo ondorioa atera zuten: «Inguruko herrien antzeko hizkera da Getariakoa, baina izaera berezia ematen diote herriko hizkerari getariarrek, doinuan eta joskeran. Dena dela, bi hizkera bereiztu daitezke herrian: kaletar-arrantzaleena eta baserritarrena. Azken horiena hurbilago dago inguruko herrietako hizkeratik».
