

Atzo goizan hasi eta eguerdia ondo pasatu arte txirrindulariek eta txirrindularizaleek hartuta egon zen Aizarnazabal. Izan ere, ziklo krosseko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten hainbat mailatan. Gizonezkoetan, elite mailan MMR-Lizarte taldeko Javi Ruiz Larrinagak lortu zuen garaipena (01:02:54), eta 11 segundora helmugaratu zen Euskaltel-Euskadiko Aitor Hernandez (01:03:05). Hirugarrena Ciclos Maestreko Unai Yus (01:06:05) izan zen. Emakumezkoetan, elite mailan bi partaide izan ziren, eta Olatz Odriozola gailendu zitzaion Maite Murgiari. Aizarnazabalgo probako emaitzak Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren webgunean daude ikusgai.