Joan den osteguneko osoko bilkuran, Zestoako Udalbatzak etorkizunean osasun zentroa jartzeko lokalak Osakidetzaren esku uztea erabaki zuen. Herrian osasun zentro berria egiteko helburuarekin eta udalerriak dituen osasun esparruko beharrei buruzko programa ardatz hartuta, elkarlana egon da azken urteotan Udalaren eta Osakidetzaren artean eta hainbat aukera aztertu ondoren, Gurutze plaza alboko lokala hobetsi dute anbulatorio berria kokatzeko.
Euskal Herria Plazako 2. eta 3. eraikinen behe solairuan dago kokatuta lokal hori eta 554 metro koadroko azalera erabilgarria du. Bestalde, oinezkoen eta ibilgailuen sarbidea Gurutze kale aldera gelditzen den urbanizazio berritik izango du. Gaur egungo anbulatorioa txiki gelditu da eta zaharkituta dago bertako langileek azaldu dutenez; Osakidetzak berak eskatutako neurriak betetzen ditu egoitza berriak eta beraz, herritarrei osasun zerbitzu zabalagoa eta hobeagoa eskaintzeko aukera emango du.
Behin zesioa eginda, hurrengo urratsa proiektua egitea eta exekutatzea da. Hasieran, asmoa zen 2012-2013rako martxan jartzea, baina, krisia dela eta, Osakidetzak onartu du egoerak ez diela uzten orain inbertsio hori egiten eta atzeratu egingo da prozesua. Zestoako alkate Alazne Olaizolak adierazi duenez, “dena den, ondo legoke martxan hastea eta 2011n zehar proiektua behintzat egitea”.