Mendebaldeko Sahara jasaten ari den egoera salatze aldera, Urola Kostako Sahararen aldeko elkarteek zenbait ekimen antolatu dute gaurko. Duela gutxi, 10:40ak aldean, Zarauzko anbulatorio paretik dozena bat auto abiatu dira Azpeitia aldera, auto karabana osatuz. Saharako banderak airean, jatorrizko musika bozgorailuetatik eta saharar emakume baten oihuak. Aldarriek bat egin dute Zarauzko kaleetatik: Sahara libre diote. Anbulatoriotik Bizkaia kalera sartu ondoren, Herrikobarra eta San Frantzisko kaleak zeharkatu dituzte, N-634 errepidetik Getariara abiatuz.
Jarraian, Zumaiatik eta Zestoatik pasatuko dira Azpeitira iritsi aurretik. Bertan, 12:00etan, Leok’k musika taldeak bideoklipa aurkeztuko du Azpeitiko Betharram aretoan. Egitasmoarekin bukatzeko, 12:30ean, Azpeitiko plazatik hasita Sahararen aldeko manifestazioa egingo dute, Maroko hiltzaile, Saharar herria askatu lelopean.