Herri berrian, antolatzen

Urola Kostako Hitza 2010eko azaroaren 25a

"Euskaldunak sentitzen gara, senegaldarrak baino gehiago". Yaakar Urola Kosta elkarteko kideek hala adierazi dute, Getariako etxe bateko egongelan tea hartu bitartean. Bertan elkartu dira hamar lagunetik gora, senegaldarrek eskualdean duten elkarteari buruz solasteko, elkartea eskualdera zabaltzeko. Gary Ndour, Ida Camara, Atou Boye, Youssouf Sangare, Ousmane Ba, Moussa Diongue, Doudou Guye, Issa Seck, Mor Talla, Abibou Sall eta Amadou Balde aritu dira berriketa lasaian, umorea galdu gabe baina serio, gaia ere hala dela iritzita. Gehienak gazteak diren arren, argi dute zer egiten duten Euskal Herrian, baita elkartea zertarako sortu zuten ere. Gaur egun Getariako, Zarauzko, Orioko eta Zumaiako jendea dago elkartean. Azkoitia eta Azpeitia inguruan ere badaude senegaldarrak, baina oraindik ez dira elkartean sartu. 2008 amaieran sortu zuten taldea, eta ordutik hainbat ekimenetan hartu dute parte eskualdean. Elkarri laguntzeko sortu zuten Yaakar Urola Kosta. Kideren bati zerbait gertatuz gero taldearen babesa izatea garrantzitsua iruditzen zaie. Horretaz gain, Senegalgo pobreziari aurre egitea ere bada elkartearen helburua, hemendik indarra egitea hango egoera hobetzeko, euren apurra jartzeko. Euskadiko elkartearen bitartez, eltxo sareak hango bi herritan banatu dituzte, eta eskola bat egingo dute hegoaldeko Bolingore herrian. Hau Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, eta gustura dira, «beti lagundu» dituztelako. Bi proiektu horiek «ia amaituta» dituzte, eta aurrera begirako asmoak ere garbi dituzte: Urola Kostako senegaldar guztiak elkartean sartzea lortu nahi dute. Indarrak batu nahi dituzte aurrera egin ahal izateko. Zentzu horretan, «guztientzat ateak zabalik» dituztela nabarmendu dute. Gaur egun 200 lagun dira elkartean, familiak barne. Proiektu horietaz gain, ekimen batzuk ere egiten dituzte jai giroan, herrietan bertako jendearengana gerturatu eta zabaltzeko asmoz. Gune propioa ere badute; Zarautzen Denon Etxea (Mitxelena kalea) egoitzan dute euren txokoa, eta «Getarian ere, behar izan dugun guztietan utzi izan digute guneren bat». Integrazioa dute helburu: «Gure aitonak beti esaten zidan, herri batera joan eta denak biluzik badaude, zuk ere biluztu egin behar duzula. Hona bagatoz, badakigu zer dagoen hemen. Gure kulturatik oso-oso ezberdina da hau, baina aurrera egiteko integratu egin behar dugu, eta hemengo kultura errespetatu», dio elkarteko kide batek. Baina integrazioaren bidean bertakoek ere lagundu behar dutela uste dute, «euskaldunen laguntzarik gabe ezinezkoa dugu». Immigrazioak lotzen duena Denak ez dira Senegalgo zonalde berekoak. Bakoitza punta batekoa da izatez, eta Maliko bat ere badago taldean, baina ondo konpontzen dira, eta hemen asko galdua den senidetasuna edo anaitasuna aldarrikatzen dute: «Afrikatik gatoz denok, eta beste norbait hona iristen denean, bakarrik dagoenean, lagundu egin behar zaio. Etxe azpian gaua pasatzen afrikar beltz bat ikusten badugu, ez dugu bertan utziko, etxera ekarriko dugu. Gure arteko elkartasuna handia da. Kultura hori dugu, bai hemen, bai Senegalen. Han familia batek zer jan ez badu egun batean, ondoko etxekoak emango dio, eta ez du inork jakingo, gainera». Han ez lirateke elkartuko. «Immigrazioak egiten duena da hau, zure herritik urrun zaudenean behar duzu zure herrikideekin elkartu eta elkar babestu edo behintzat komunikatu, txikitako kontuak gogoratzeko bada ere. Elkarri laguntzea da garrantzitsuena, eta gauzak partekatzea». Umetatik erakutsi diete hori, eta denak daude ados horretan. Senegalgo eta hemengo kulturaren artean dagoen aldea handia dela uste dute, eta herrikideekin elkartuta alde hori txikitu egiten zaie. Afrikaz, beti ezkor Hemen egotearen helburua? Bizitza hobe bat izatea. Unibertsitateko ikasketak dituzte egongelan dauden gehienek, baina horrek berdin dio hemen, hango ikasketak ez dituztelako baliozkotzen. Ezta gidabaimena ere: «Espainiakoak balio du Senegalen, baina hangoak ez Espainian. Ez dugu ulertzen». Euskal Herrira iritsi aurretik, normalean beste herrialde askotan egon dira senegaldarrak: «Hegoafrikan, Groenlandian, Alemanian… egonak dira asko, eta gero etorri dira hona. Horregatik, kultura ezberdintasunera ohituta daude gehienak hona iristerako, eta hemen lasaiago, egonkorrago sentitzen dira. Baina oso gogorra da etxetik kanpora egotea. Horregatik da garrantzitsua elkarrekin egotea, aurrera jarraitzeko adorea ematen digu». Oso gustura daude Euskal Herrian, baina ez zaie erraza egiten jendearen oniritzia eta babesa jasotzea: «Batzuk uste dute Afrikan dena pobrezia dela. Komunikabideek Afrikaz ematen duten guztia negatiboa da, baina han ere badaude gauza onak, eta alderantziz, hemen ere badago pobrezia. Hemen dagoen guztia dago han; unibertsitatean ikasitakoak gara, eta hona etorri gara gure bizitza hobetzera. Batzuk uste dute min ematera edo lapurtzera etorri garela hona, edo goseak gaudelako han, baina hori ez da horrela. Jendeak gaizki begiratzen digu, tontoak garela uste dute, baina beltza izatea ez da tontoa izatea, bozpasei hizkuntza dakizkite askok». Salaketak ere egin dituzte. Etxebizitzak eskuratzeko dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte, adibidez. Eurei gertatua da, etxea alokairuan hartu nahi, eta jabeak ikusitakoan beltza dela, jada alokatu duela esatea. Eta, ondoren, eurek egiaztatzea artean alokatu gabe zuela: «Bilbon kasu oso gogorrak ezagutzen ditugu; bi edo hiru logelako etxean hamabost lagun bizitzen ari dira, ez alokairua ordaintzeko dirurik ez dutelako, inork etxerik alokatu nahi ez dielako baizik. Horrenbeste etxe huts egon, eta animaliak baino okerrago bizitzera derrigortzeko eskubiderik ez dago», diote: «Guk maite ditugu euskaldunak eta euskal kultura, eta hemen ez gaude inori okerrik egiteko, euskaldunek nahi ez dituzten lanak egiten ari gara. Jende txarra ere badagoela?... Toki guztietan bezala, euskaldun txarrak badauden bezala, ezin da orokortu». Aukerak eskatzen dituzte, eta oraina gogorra izan arren, itxaropentsu begiratzen dute aurrera. Hor daude kimu berriak ere; euren seme-alabak, bertako ikastetxeetan pozik, euskaraz ez ezik, getariarrez jolasten direnak lagunekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide