Urte osoko lanaren emaitza aurkeztu dute gaur Pirritx, Porrotx eta Marimotots hirukoteak, Xabier Zabala musikari zarauztarrarekin batera: Ongi etorri Pupu eta Lore! diskoa, hain zuzen ere. Honakoa 19 abesti eta 19 ipuintxo biltzen dituen proiektua da, heziketa ardatz duena. “Hazi eta hezi, osasuntsu eta alai bizi, koloretako Euskal Irrian, koloretako munduan”. Pailazoak eta hainbat lagun arduratu dira abestien hitzak eta istorioak osatzeaz, eta musikari zarauztarrak sortu nahiz landu ditu konposizio, moldaketa eta programaketa guztiak.