Gaur Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna da eta Getariako Udalak elkarretaratzea antolatu du 18:00etarako. Atzo arratsaldean Getariako Udalbatzak egin zuen udalbatzarrean besteak beste Eudelek Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren inguruan argitaratu duen adierazpena bozkatu zuten; udalbatzarrean parte hartu zuten EAJ eta Aralar udal taldeak eta ezker abertzaleko hautetsiak ados agertu ziren adierazpenarekin eta horren harira gaur egunean zehar puntu lila jarriko dute udaletxeko balkoian eta elkarretaratzea egingo dute 18:00etan udaletxe aurrean.
Dena dela, Aralar udal taldeko zinegotzi Eneko Alegriak udalbatzarrean azaldu zuen adierazpenak dioen bezala Getariako Udalak gai horren inguruan beste hainbat ekimen bultzatu beharko lituzkela urtean zehar. Ezker abertzaleko hautetsi Karmele Iribarrek ere bat egin zuen eskaera horrekin. “Ados gaude adierazpenarekin, baina uste dugu egun bateko adierazpena baino haratago joan behar dela eta batez ere emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna landu behar dela. Hori izango da hau eta beste hainbat zapalkuntza ekiditeko bidea” azaldu zuen Iribarrek.
Hurrengoa da Udalbatzak atzo onartu zuen adierazpena:
Aurten ere, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, indarkeria sinboliko, leun, maltzur eta ia ikusezin horretan jarri nahi dugu arreta, zeinaren gainean eraikitzen baita emakumeen identitatea eta, era berean, emakumeen aurkako indarkeria fisikoa ahalbidetzen baitu.
Indarkeria sinboliko hori ideia okerretan oinarritzen da, baina ideia horiek oso zabalduta daude eta naturaltzat hartzen dira; esate baterako, ordu eta leku jakin batzuetan emakume izatea arriskutsua dela; sexu-eraso bat baino ezer larriagorik ez dagoela barneratzea baina emakumeak ezin direla eraso horietatik babestu; beldur izaten ikastea eta hauskor sentitzea, babestua izan beharra sentitzea, nahiz eta inork ez adierazi zeri edota nori izan behar zaion beldur; lotsatuta edo errudun sentitzea sexu-eraso bat jasan ezanagatik edota tratu txarrak jasan izanagatik, eta nahiago izatea hori justifikatzea edo ukatzea, gaia onartu edo kritikatu beharean; emakumeen sexu-askatasuna probokazio sexuala dela ulertzea, eta gizon batzuen jokaera erasotzaile potentziala justifikatzen duena uste izatea; edo pentsatzea bikote barruko kontrola eta jeloskortasuna maitasunaren parte direla, eta bikotea, saiatuz gero, maitasunagatik aldatu daitekeela.
Hori guztiori dela eta, urte osoan zehar jarri behar dugu arreta gure udalerriko nerabe eta gazteengan, baina ere gehiago, estrategikoki, egun ha hurbiltzean, 2009an egin genuen bezala. Modu horretan, indarkeriaren formarik leun, naturalizatu eta sozialki onartuenak ezagutu ditzaten, eta horren aurrean hain hauskorrak izan ez daitezen.
Horretarako, BERDINSAREAren iazko kanpainan erabilitako goiburua berreskuratu nahi dugu: BELDUR BARIK. Zeren “Beldur barik” esateak beldurra ukatzen du, emakumeen kontrol-estrategia gisa. Era berean, kontuan hartuta emakume izatea arrisku potentziala dela, “Beldur barik” esateak aitortzen du Udal honek aukera eman behar duela emakumeak zenbait tresnaz jabetzeko, gaitz hori prebenitzeko eta nork bere burua defendatzeko. Borondate hori gure udalerrietako exijentzia inperatibo bihurtu beharko litzateke.
Modu horretan, gazteei zuzeneko indarkeria fisikoa prebenitzen lagunduko diegu, baina, gainera, agente aktiboak izatera animatuko ditugo, emakumeenganako edozein indarkeria mota errefusatu dezaten eta horren aurka modu indibidual zein kolektiboan egiteko estrategiak izan ditzaten.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek
KONPROMISO HAU HARTZEN DU: bere eskumenen esparruan eta indarrean dagonen legedia aplikatuz, udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzea berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka, eta arreta berezia jartzea emakume gazte eta nerabeek jasaten duten indarkeriarengan, modu eraginkorrean baliatu daitezen beldurrik gabe bizitzeko eskubideaz eta indarkeriaren aurka defendatzeko aukeraz.
KOMENIGARRIA DA urtean zehar zenbait ekimen abiaraztea. Horrela, emakumeen partaidetza aktiboarekin, beldurrari eta hauskortasunari aurre egiteko behar diren baliabideak jarriko dira euren esku, euren jabekuntza ahalbidetuz; era berean, gazteekin batera egin beharreko lana bultzatuko da, portaera sexistak prebenitzeko eta eraso matxisten aurrean jokaera aktiboa izan dezaten animatzeko.
ANIMATU EGITEN DITU herritarrak, eta, oso modu berezian, herriko neska-mutilak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela-eta egingo diren ekintzetan parte hartzera, indarkeria horren aurka modu publikoan agertzera, eta BERDINSAREAk kanpaina honen barruan antolatu duen Beldur Barik! Jaialdi artistikoan parte hartzera (jaialdia azaroaren 27an izango da, Bilbon).
Puntu lila erabiltzeko GONBIDAPENA EGITEN DU, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa den aldetik. Eta, hasteko, puntu lila bat jarriko du udaletxearen eraikin nagusian, ondo ikusten den leku batean eta modu iraunkorrean.