Jon Benito idazle zarauztarrak Bulkada poesia liburua aurkeztu du eguerdian Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Bederatzi urte pasatu dira Aingurak erreketan argitaratu zuenetik, eta harrezkero, ez dio idazteari utzi, baina beste esparru batzuetan jardun du, gidolari edo musikarientzako letragile gisa. “Liburu honek larritasun bati erantzuten dio. Bederatzi urte dira nire lehena eta azkena argitaratu nuenetik, eta denbora aurrera, nire baitan idazle bat hil zelaren, nuenaren edo zutenaren susmoa nuen. Eta sentimendu horri erantzun nahi nion”, adierazi du Benitok.
Zazpi atal tematikoen bitartez, bere burua erretratatzeaz gain, gizartea bera ere erratratu du. Izan ere, XX. eta XXI. mendeen arteko testigantza berrasmatu du, gaztaroa, politika, literatura, amodioa, atzerria, itzulera eta gaurko koordenadak jorratuz. Beraz, “alboratu modu erraz batean liburua etiketatzeko tentazioa, utikan autobiografia edo autofikzio etiketak. Liburu honek ez du indarrik edo zentzurik izango, ez bada nirea bezala beste jende batena. Nire garaiko jendarte baten istoria”.
Liburu “ispiluen jolas bat” dela nabarmendu du. Helburu bakarra du, gainera. Idazlearen esanetan, “lehen irakurtzen nituen liburuetako protagonistarekin identifikatzen nintzen, eta hala manendu dut lilteraturarekiko lilura hori. Orain horrenbeste gustatu zaizkidan liburuetako pertsonaia bat gehiago naiz, haien fikzio, ataka eta abenturen antzekoekin. Liluratuta irakurtzen nuen eta lapur, detektibe, emakume edota hirugarren adineko bilakarazi ninduten denbora batean, ez naizena baina izan naitekena bilakatuz. Orain, nire egoera bertsuetan nire antzeko erabakiak hartu dituen pertsonaia bat, ezinbestean karikaturizatua eta parodiatua, sentitzen naiz Bulkada honetan. Eta subjektu honetan ordezkatua sentitzen naiz, baina ziur naiz Bulkada honetan islatua ikusiko dela beste asko ere”