Euskal Herrian Euskaraz taldeak Ezabaketa Astearen baitan ekitaldia antolatu du larunbaterako, “hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna!” lemapean. Goizeko 11:00etatik aurrera musika eta haurrentzat tailerrak izango dira. Era berean, herri galdeketa egingo dute eskola euskaldunaren inguruan.
EHEk eskolaren bidez euskalduntzea Euskal Herriko ikasleen eskubidea dela aldarrikatuko du. Hori dela eta, “Euskal Herri osorako ofizialtasunean zein hizkuntza politika burujabeetan oinarritutako eta euskaldun eleanitzak sortu eta heziko dituen eredu bakarra” Eskola Euskalduna dela nabarmendu dute.
Eskola Euskalduna, ezinbestekoa
Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken hamarkadetan indarrean izan diren A, B eta D ereduek huts egin dutela diote; izan ere, ikastetxetik irteten diren hiru ikasletik bik ez dute “behar bezala menderatzen” euskara. Horretaz gain,Hezkuntza sailak hiru eleko eredu berria sartu berri duela gogoratu dute EHEko kideek, “D ereduko matrikulazioa %75era iritsi denean”.Horrek euskarari kalte egingo dio, “gaztelania eta ingelesa indartuko baitituzte”. Ildo horretatik, “euskaraz bizitzeko ezinbestekotzat” jo dute Eskola Euskalduna.