«Hemen gaude. Lanean aritu gara, lanean ari gara eta lanean jarraituko dugu». Ezker abertzaleko hautetsiek aurrera begirako konpromisoaren berri eman zuten herenegun Musika Plazan egin zuten ekitaldian. Azken urteotako lana baloratu zuten bertan, eta lanean jarraitzeko asmoa agertu zuten: «Porrotarena ez den argazki bat nahi dugu Zarautzentzat. Zarauztarren Zarautz nahi dugu, ez baitu bere paisaian aberastasunik handiena herri honek : zarauztarrak gara herri honen aktibo nagusia».
Era berean, egun duten «baldintza» jarri zuten mahai gainean: «Zortzi urte Alderdiaren Legearen aitzakipean, Zarauzko Udalean milaka zarauztarren nahai alboratuta, bi legegintzaldi, ia 120 udalbatzar, herri borondatea errespetatu gabe. Hori da azken urtetako lehen balantzea». Ildo horretatik, euren lana aurrera eramateko «zailtasunak» dituztela nabarmendu dute: «Apartheid politikorik ezean, gauzak bestela lirakeenaren ziurtasun osoa dugu. Beste parte hartze eredu bat gauzatuko genuke, beste jai eta jendarte eredu baten alde egin, besteak beste».
Kexak alde batera
Horren aurrean, «oposizioko indar bakar gisa» aurkeztu dute ezker abertzaleko hautetsiek euren burua. Era berean, hainbat proiektutan lan egin dutela gogoratu zuten: «Elkartasun, gardentasun eta parte hartzearen izenean, proiektuak proposatu eta emendakinak aurezteaz gain, ezker abertzaleak proeiktuak gauzatzen lan egin du». Horren harira, Udalak «zarauztarrengadik hurbilen egon beharko lukeen» erakundea behar duela izan adierazi zuten.
Hori dela eta, «kexak eta haserreak» alboan utziz, ekiteko garaia dela nabarmendu zuten. «Euskal Herria dugu helburu, baina Zarautz da horretarako gure bitarteko nagusia. Zarautz diogunean, zarauztarrez ari gara, pertsonez, haien bizimodua hobetzeaz eta errazteaz, gure sentitzeko moduez eta balorreen arabera bizitzeaz» gehitu zuten.
