Euren eguna izanik, gogotik ospatu dute herriko musikariek Santa Zezilia jaia. Izatez, egun handia gaur bada ere, asteburuan egin dituzte Zestoan musika emanaldi nagusiak.
Ostiralean Ertxina Musika Eskolako ikasleek emanaldi berezia eskaini zuten eta ekitaldi horretan diploma jaso zuten musika eskolako hainbat ikaslek. Gainera, musika eskolaren 25. urteurreneko logoaren irabazle Ane Zulaikari oroigarria eman zioten.
Larunbat arratsaldean Idiakaitz Txistulari Taldekoek kalejira egin zuten eta ondoren Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskaini zuen mendeurrena dela eta. Lehenik bandako perkusionistek jo zituzten pare bat pieza; ondoren, bandak gitarra eta baxu elektrikoz lagunduta eskaini zituzten beste pieza batzuk eta azkenik, gonbidapena jaso eta parte hartzera animatu diren bandako partaide-ohiekin batera Udal Musika Banda osoak jo zuen.