Herriari "eredu alternatiboa" eskaini diola ondorioztatu du Zugak

Urola Kostako Hitza 2010eko azaroaren 20a

Bosgarren urteurrenaren baita, bost urteko ibilbidearen balantzea eta etorkizunerako erronkak aztertu ditu Zuga Zumaiako Gazte Asanbladak. Oro har, "lan asko" egin dutela ondorioztatu dute, eta "herritarrentzat aisialdi eredu alternatiboa" eskaini dutela. "Herriari bizia eman diogu". Lehenik eta behin martxan jarriarazi zituen arrazoia identifikatu dute: "Sistema kapitalista patriarkala, nazio zapalkuntza sustatzen duena". Horren aurrean beste aukera batzuk eskaintzeko sortu zen Zuga, eta bost urteko ibilbidea du jada. Tartean, "borroka txiki asko" eraman ditu aurrera, etxebizitzari dagokiona, esaterako. Bide horretatik, aisialdiari eta hezkuntza arloei dagokionean ere eragin beharra dagoela ondorioztatu dute. "Hezkuntza da bizirauteko tresna, ondorengoak hezteko bidea". Hala, aurrera begirakoak ere zehaztu dituzte. "Proiektu ugari dugu esku artean, liburutegia, esaterako, edo komunikazio eredu berri bat, osoa". Egoitza lortu izanak ere mugimendua sendotu egin duela adierazi dute kideek: "Orain kalean egin ezin diren gauza asko egiten ditugu: hitzaldiak, tailerrak...". Era horretako eskaintza dute esku artean Gabonetarako eta martxorako, esaterako. Batetik, kontsumismoa landuko dute, eta bestetik, emakumeen kontrako jazarpena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide