Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ontzat eman du Juineko lur sailak bereganatzea, beraz, Xabier Munibe ikastolak eremu horretan ikastetxe berria izatea ahalbidetuko du erabakiak.
Lakuan bildu ziren Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea eta Marisol Esteban Hezkuntza sailburuordea asteartean, lur sailaren lagapenaren inguruan hitz egiteko, eta Udalaren esanetan, 2013-2014. urterako ikastetxe berria eraikitzeko «bermatu» dute. Beraz, aurreikusita zutena baino beranduago egingo dute eraikina, orain arte 2012-2013 ikasturterako egiteko asmoa baitzegoen.
Lortutako hitzarmen honen eraginez, Udalak Juinen duen lur sailaren jabetza Hezkuntza Sailari utzi dio, eta Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Xabier Munibe ikastolako eraikin berria «bere osotasunean» finantziatzeko ardura hartuko du.
Azkoitiko Udalak «positibotzat» jo du Estebanekin egindako bilkura eta, Aranbarrik adierazi du «Udalarekin batera», ikastolako kideek Hezkuntza Sailarekin «lanen jarraitu» behar dutela, «demagogietan» eta «faltsukerietan» erori gabe.
Joan zen astelehenean elkarretaratze jendetsua egin zuten ikastolako gurasoek eta ikasleek, bi erakundeei hitzarmena «behingoz» egiteko eskatuz. Ikastolako Guraso Elkarteak, datorren urtean ikastolako DBHko lehenengo eta bigarren mailako ikasleek Azkoitiko Urola institutura joan beharko dutela aurreikusten dute, hirugarren eta laugarren mailakoekin batera, beste eraikinean “leku falta” dagoela eta.