EHUko irakasle eta hidrologo Iñaki Antiguedadek (Bilbo, 1955) hitzaldia eskaini zuen atzo iluntzean, Azkoitian, ura gaitzat hartuta. Ingurugiro Etxeak antolatutako jardunaldien baitan, Ura ala ibai-arroa: zer kudeatu? Uraren eta Lurraren kultura berritutik egindako gogoeta izenburupean aritu zen Intsausti jauregian. Ordu batzuk lehenago, hitzaldiaren inguruan ‘Urola Kostako Hitza’-ri hainbat azalpen eman zion. Ura errekara nola iristen den esplikatzeaz gain, «errekatik haratago doan irakurketa ere egiten dut, kritikoagoa, eta hor lurralde antolamendua aipatzen dut, eta baita gaur egun indarrean dauden dokumentu ofizialetan eta prentsan aurkitutako hainbat astakeria ere».
Hitzaldiko izenburu luze horrek zer biltzen du bere barruan?
Neuk proposatutako izenburupean ariko naiz gaur [atzo] iluntzean. Beste batzuetan ere bide horretatik abiatu izan dut nire gogoeta. Hain zuzen ere, uste dut jendeak askotan urari buruz hitz egitean erreka edo ibaia izaten duela buruan, eta badirudi bailara batean ibaia dela ura dagoen toki bakarra. Ni saiatzen naiz azaltzen garrantzitsuena ibai-arroa dela, ibaiaren bailara bera. Denok dakigu badagoela euriaren eta uraren artean erlazio bat, baina hori nola gertatzen den azaltzerakoan, informazio falta dugu. Hitzaldien hasieran, beraz, saiatzen naiz ikasleekin banengo bezala azaltzen euri-urak bere bideak badituela azkenean errekara iristeko eta errekan dugun ura, bai kantitatearen aldetik, bai kalitatearen aldetik, lurraldeak, lurzoru osoak baldintzatzen duela. Euria egiten duenean, ez du errekaren gainean bakarrik egiten, lurzoru osoaren gainean egiten du; basoen, errepideen, zementuaren, hiriaren, urtegien, baratzeen eta abarren gainean egiten du. Arro batean proportzio oso txikia betetzen dute errekek eta ibaiek azalerari dagokionez. Erraza da ulertzeko. Nik diodana da, hori horrela izanik, uraren inguruko plangintzek ere aintzat hartu beharko luketela hori.
Zentzu horretan, zer nabarmenduko zenuke?
Esan bezala, uraren kudeaketaz hitz egitean, ez da ibaiaren kudeaketaz bakarrik hitz egin behar; arro osoa hartu behar da kontuan, bailara osoa. Leku guztietan egiten badu euria, uraren kudeaketaz hitz egiten dugunean lurraldea bera hartu behar da kontuan, erreka izan, errekatik gertu egon nahiz mendi punta izan. Guzti-guztiak du eragina euri-uraren banaketan eta azkenean ibaira iritsiko den ur horretan, kantitate nahiz kalitate aldetik. Normalean lurraldea, lurzorua eraldatu egiten dugu, ordea. Batez ere bailararen beheko parteak aldatzen ditugu, porlan asko egoten da hor. Horrek ito edo estutu egin ditu hainbat eta hainbat erreka tarte, eta horrek berak hainbat arazotara garamatza; uholdeetara, esaterako. Naturan berez gertatzen dira uholdeak, baina azken hamarkadetan geuk indartuak ere badira hein batean. Eta horretaz gain, lurzoruari ez diogu aitortzen berez duen funtzio hidrologikoa; hau da, euri-uraren banatzailea izatea.
Diozunetik zer ondoriozta dezakegu?
Erreka edo ibaia zikin ikusten dugunean, ibaiari leporatzen diogu zikintasuna, zikina dagoena erreka dela uste dugu, edo ibaia dela hazita edo agortuta dagoena. Baina ibaia, azken finean, bailara osoan egiten den guzti-guztiaren ondorio da, onerako nahiz txarrerako. Naturan gertatzen diren fenomenoak alde batera utzita, eragina du lurraldearen antolamendua planteatzeko guk dugun moduak. Gure herri honetan lurraldea antolatzen denean urari behar besteko garrantziarik ez zaiola ematen iruditzen zait, askotan uraren ikuspegi murritzegia dugulako, eta batzuetan saiatzen gara erreka bazterrak zaintzen, baina ez errekatik urrun diren gauzak. Horiek ere eragina dute, ordea. Uholdeei dagokienez ere, esango nuke parte garrantzitsu bat ez dela naturala, behartua baizik; hain zuzen ere, guk lurraldea kudeatzeko dugun moduak eragindakoa. Esaterako, behar baino askoz sedimentu edo jalkin gehiago doaz erreketara, azpiegiturak egiteko dugun moduak edo baso politikak eraginda. Eta oldartzeko potentzialitate handiagoa du jalkin gehiegi daraman urak. Horregatik, ez dira berdinak orain berrogei urteko eta oraingo uholdeak toki berean. Orain oldarkorragoak dira.
Administrazioen politikekiko kritiko zara, hortaz.
Errespeta dezagun, gutxienez, gelditzen zaiguna; errespeta ditzagun ibai bazterrak. Baina oso goxoak dira hirigintza zabalpenetarako, eta hor nolabaiteko borroka sortzen da; alde batetik hirigintza, bestetik erreka bazterren kontserbazioa. Askotan galtzaile ateratzen da erreka, beti aurkitzen dituztelako kalteak saihesteko bideak. Hor dago iruzurra askotan; batzuetan saihes daitezke, besteetan ezer ez egitea da hor egin behar dena. Lurralde Ordenazio Arauetan ere esaten da, ibai bazterretan oraindik bete gabe dagoena errespetatu, eta bete gabe mantendu behar dela. Eta aurreko urteetan porlanez estali diren bazterretan, segun eta zer egin den, denborarekin agian pentsatu behar da akordioetara iritsi eta, eraikinak eraberritzeko garaia iristen denean, beste toki batzuetan egitea planteatzea. Eta errekuperatuz joatea porlanak jandakoa. Ni horrekin ados nago. Lurralde antolamendua erabakitzerakoan, kontuan hartu dezagun zer gertatu daitekeen ez bihar, datozen hamarkadetan baizik. Egin dezagun gogoeta, neurri batean zientifikoa, baita politikoa ere. Horren arabera, agian, gogoeta horren emaitza izango da «hau ez dugu hemen egingo» esatea.
Uraren inguruko politikak zehar lerrozkoa izan behar duela uste duzu. Zergatik?
Ingurumenari edo feminismoari dagozkion politikak bezalakoa da, ezin du administrazioaren beste atal bat izan: orokorrean lurraldea antolatu edo eraldatzeko politika guztiek hartu beharko lukete kontuan uraren arloa, eta uraren politikak ere behar du hori guztia. Hor ingurumen ikuspegiaren eta hirigintza ikuspegiaren arteko borroka dago, eta talkak sortzen dira. Askotan erabakitzen da erreka kentzea, porlanez estaltzea, eta gainera rectificar (zuzendu) deitzen diogu horri. Nola rectificar? Erreka toki horretatik badoa, ez al da izango akaso milaka urtean ikasitakoaren ondorio? Ez, ingeniariek etorri behar dute errekari nondik joan behar duen esatera eta okerra zuzentzera. Baina gauzak ez dira horrela, are gutxiago XXI. mendean, are gutxiago ahotik ahora garapen iraunkor kontzeptua hain erraz darabilgunean.
Baina, nola zehaztu mugak?
Mugena aldakorra da. Ez da gauza bera haran edo bailara estua edo zabala izatea. Beraz, gauza bat da errespetatu beharreko printzipioak ezartzea, baina horrek ez du esan nahi hor ezingo dugunik sartu. Erabaki egin behar da zer den bateragarria errekak dituen beharrekin. Gainera, gauza asko egin daiteke eraikuntzez gain: erretiratuentzako baratzeak, esaterako. Horren harira, beti esaten dut gizartea garapen iraunkorrera gerturatzen ari den ala ez ikusteko funtsezko ispiluetako bat erreka ingurua dela.