Burgos (Espainia) iparraldeko hainbat ardogilek euren ardoak Chacolí izendapenarekin merkaturatzeko asmoa azaldu dute eta Burgosko Diputazioak asteartean onartu zuen aho batez PP, PSOE eta Solucion Independiente alderdien botoekin Espainiako Gobernuari eskaera hori egitea. Horrek eztabaida sortu du Euskal Herriko txakolingileen artean. Getaria, Bizkaia eta Araba jatorri izendapenen kontseilu arautzaileetako ordezkariak gaur bildu dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nakazaritza Saileko ordezkariekin. Bertan, Burgosko hainbat ardogilek txakolina izendapena erabiltzeak sektorean eragingo dituen ondorioak aztertu dituzte eta erabaki dute Espainiako Kongresuari eta Burgosko Diputazioari gutun bat igortzea Burgosko ardogileek txakolina izendapena erabiltzea legez kanpokoa izango litzatekela gogoraraziz.
Gainera, txakolina izendapena eraman ahal izateko Europako Batasunak ezartzen dituen araudiak bete behar izan dituztela eta hori 20 urteko lanaren ondoren lortu dutela azalduko diete Getaria, Bizkaia eta Araba jatorri izendapenen kontseilu arautzaileek Espainiako Kongresuari eta Burgosko Diputazioari. Euska Herriko txakolingileen iritziz Burgosko ardogileek prozesu bera jarraitu beharko lukete txakolina izenarekin bere ardoak merkaturatzeko.
