Kometarik gabeko zeru euritsua

Aritz Mutiozabal 2010ko aza. 15a, 13:34

Zarauzko Turismo Bulegoak eta Airez Gipuzkoako Kometa-zaleen Elkarteak iganderako antolatu zuen I. Kometen Jaialdia ez zen nahi bezala atera. Antolatzaileak itxaropentsu zeuden bezperan, eguraldi aparta eta haizea lagun baitziren, eta Euskal Herriko nahiz kanpoko kometa-zaleak hondartzara jaitsi ziren ilunabarrean kolore eta tamaina guztietako kometak aireratzera. Atzoko eguraldi kaskarrak, ordea, bertan behera utzi zuen jaialdia. Ia egun osoan zehar bota zuen euria, eta baldintza horietan ezinezkoa zen aurreikusitako ekitaldiak aurrera eramatea eta, ondorioz, zerua kometez estaltzea. Turismo zinegotzi Imanol Lasa penatuta azaldu da: «Normalean sekulako zortea izaten dugu eguraldiarekin Zarautzen antolatzen ditugun ekitaldi potoloenekin, baina oraingo honetan ez da posible izan. Hala ere, larunbatean agerian gelditu zen eguraldi onarekin ikuskizun ederra izango zela. Gainera, eguraldi txarrarekin ere jendea gerturatu zen, familia giroan gozatzeko ekimen polita zela erakutsiz». Hori dela-eta, aurrera begira jaialdia berriz antolatzea gustatuko litzaiekela adierazi zuen. Izan ere, «ziur baikaude arrakastatsua izan daitekeela». Eskerrak eman nahi izan dizkie boluntarioei zein Airez elkarteko kideei, eguraldi txarrari «aurpegi ona jartzeagatik» eta haien artean edukitako giro jatorragatik. Hitza eta Berria, kometetan Euri zaparradak eginagatik ere, kometa ale batzuk ikusi ahal izan ziren hondartzan. Jaialdi irekia izanik, herritar guztiei zuzenduta zegoen eta kometak lantzeko tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten. Datorren abenduaren 3an [...]

Zarauzko Turismo Bulegoak eta Airez Gipuzkoako Kometa-zaleen Elkarteak iganderako antolatu zuen I. Kometen Jaialdia ez zen nahi bezala atera. Antolatzaileak itxaropentsu zeuden bezperan, eguraldi aparta eta haizea lagun baitziren, eta Euskal Herriko nahiz kanpoko kometa-zaleak hondartzara jaitsi ziren ilunabarrean kolore eta tamaina guztietako kometak aireratzera. Atzoko eguraldi kaskarrak, ordea, bertan behera utzi zuen jaialdia. Ia egun osoan zehar bota zuen euria, eta baldintza horietan ezinezkoa zen aurreikusitako ekitaldiak aurrera eramatea eta, ondorioz, zerua kometez estaltzea.

Turismo zinegotzi Imanol Lasa penatuta azaldu da: «Normalean sekulako zortea izaten dugu eguraldiarekin Zarautzen antolatzen ditugun ekitaldi potoloenekin, baina oraingo honetan ez da posible izan. Hala ere, larunbatean agerian gelditu zen eguraldi onarekin ikuskizun ederra izango zela. Gainera, eguraldi txarrarekin ere jendea gerturatu zen, familia giroan gozatzeko ekimen polita zela erakutsiz». Hori dela-eta, aurrera begira jaialdia berriz antolatzea gustatuko litzaiekela adierazi zuen. Izan ere, «ziur baikaude arrakastatsua izan daitekeela». Eskerrak eman nahi izan dizkie boluntarioei zein Airez elkarteko kideei, eguraldi txarrari «aurpegi ona jartzeagatik» eta haien artean edukitako giro jatorragatik.
Hitza eta Berria, kometetan
Euri zaparradak eginagatik ere, kometa ale batzuk ikusi ahal izan ziren hondartzan. Jaialdi irekia izanik, herritar guztiei zuzenduta zegoen eta kometak lantzeko tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten. Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela kontuan hartuta, etxetik kometak ekartzen zituztenei euskararen aldeko lelo eta mezu propioak aurkezteko deia egin zieten antolatzaileek. Era berean, aipatutako tailerretan  landutako kometek Urola Kostako Hitzaren eta Berriaren logoak eraman zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide