Antoniano Ikastetxeko DBH laugarren mailako ikasleek lip dub-a egin dute eta Gazteako Dida! programak antolatutako txapelketara aurkeztu. Applejack kantua izan da lip dubaren oinarria eta ikastetxeko geletan zein patioan grabatu dute.
Lehiaketako lehenengo fasea pasatu dute, eta bigarrenean daude. Lip dub txapelketan aurrera egiteko herritarren laguntza behar dute Antonianoko ikasleek. Interesa duenak www.eitb.com/gaztea/lipdub-lehiaketa webgunean sar daiteke, eta bertan Applejack izena duen lipdub-a aukeratu. Bozkatzeko emaila eta izena eman beharko dute herritarrek.
Bost aldiz grabatua
Jakinarazi dutenez, lagun batek proposatu zien lipdub-a egiteko, eta ikasleak ados jarri ziren proiektua aurrera eramateko. Bi aste inguru pasatu zituzten ikasleek grabaketaren plangintza egiten, eta bost aldiz grabatu behar izan zuten. Irakasleek lagundu diete bideoa egiten.
Irabazleek 3.000 euroko saria jasoko dute. Lehiaketa Antonianoko ikasleak irabazten badute kurtso amaierako irteerara ordaintzeko erabiliko dute diru kopurua.