Imanol Urbieta musikari zarauztarrak ‘Aitona-amonekin kantari’ lana aurkeztuko du gaur, Donostiako Elkar aretoan (Fermin Calbeton kalea, 21), Xirula Mirulako Kontxi Aizarnarekin eta Elkar diskoetxeko Josebe Ormazurirekin batera.
Familian aiton-amonek duten garrantzia izango da liburuaren ildoa. ” Familia eta lana ongi uztartzea zaila egiten den gaurko bizimoduan, biloben zaintzaz arduratzen dira aitona-amona asko eta asko. Baina zaintzea baino gehiago da bilobekin egiten dutena. Arduraz saiatzen dira biloben beharrei erantzuten, eta luxuzko kanguro bilakatu dira. Izan ere, bilobei seguru daudela eta maitatuak direla sentiarazten diete, patxadaz entzuten diete, eta egoera ezezagunen aurrean bilobak babestuak sentitzen dira”.
Hori kontuan izanda, aitona-amonen eguneroko lana eskertze aldera eta eurekin bizi izandako uneak gogoratzeko asmoarekin osatu du musikari zarauztarrak diskoa.