Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak bosgarren urtez jarraian eraman du etxera harri handien txapela. Atzo Aldatzen (Nafarroa) jokatu zenEuskadiko Txapelketan guztira 8.675 kilo jaso zituen Irigoienek, indar eta teknika bikaina erakutsiz. Txapeldunordearen postuan eta "egindako lanarekin gustura" gelditu zen Joseba Ostolaza zestoarra, 7.250 kilo altxata. Hirugarren postuan gelditu zen Unai Lertxundi aiarra, 4.300 kilo bizkarreratuta eta azkenik, Urtzi Telleria, 1.650 kilo jasota.
200 kiloko harriarekin hasi ziren. Irigoienek bere egoerari buruz egon zitezkeen zalantza guztiak uxatu zituen harria hartu orduko, 16 arroako (200 kilo) harria 7 aldiz altxatu baitzuen. Ostolazak berdindu egin zituen altxaldiak, lau aldiz txapeldun zenari aurre egiteko prest agertuz. Lertxundik 3 aldiz jaso zuen harri handiena.
175eko zilindroarekin, ordea, aurre hartzen hasi zen errezildarra. 16 aldiz berdindu zuen harria. Frontoiko giroa berotu zuen Irigoienek, amorru eta pozezko zeinuekin. Ostolazak 11 aldiz jaso ahal izan zuen 175ekoa eta bien arteko aldea handitzen hasi zen. Lertxundi hurrun xamar gelditu zen harri honekin, 3 jasoaldi eginda.
150eko kuboari eutsi zioten ostean. Irigoienek 14 aldiz berdindu zuen harria. Ostolaza gertu ibili zen 12 altxaldirekin, baina mila kiloko aldea aterata zion jada Irigoienek. Lertxundik 6 aldiz hartu zuen lepoan kuboa.
Azkenik, 125eko bola 19 aldiz altxatzea lortu zuen errezildarrak. Ostolazak 17 bider altxatu zuen eta 14 aldiz Lertxundik.
Aimarrek ez zuen lortu 2008ko marka ontzea (9.650 kilo bizkarreratu zituen orduan), baina, txapelketak uste baino maila handiagoa izan zuen, Irigoienen eta Ostolazaren sasoi erakustaldien ondorioz. Lertxundi bigarren aldiz lehiatu zen harri handietara eta 575 kilotan hobetu zuen iazko lana. Telleria, bere aldetik, lehen aldiz aritu zen harri handietan eta 80 kilo baino gutxiagorekin, 1.650 kilo altxatu zituen. Marka hori hobea izango zen 200 kilokoarekin egin zuen baliogabeko altxaldirik gabe.