Zarauztarrek euren bizikletak erregistratzeko aukera izan dute gaur 11:00-13:00 bitartean, Lege Zaharren Enparantzan jarritako karpan. “Bizikletak lapurtzea ekiditeko, edo behinik behin lapurrari bere lana oztopatzeko sistemak ezarriko ditugu astelehenetik aurrera” adierazi zuen atzo Alejandro Vazquez Udaltzaingo zinegotziak ekimen berriaren aurkezpenean.
Sistema horrek bi aukera eskaintzen ditu. Batetik, Udaltzaingoaren egoitzara bertaratzen direnek bizikletak erregistratu ahal izango dituzte, etzitik aurrera. Horretarako, jabearen eta garraiobidearen datuak jasoko dituen eranskailu edo pegatina bat eskuratuko dute interesa dutenek. “Galduta ere, behin bizikleta berreskuratuz gero, norena den jakin dezakegu, eta hala bueltan eman” azaldu zuen Vazquezek.
Bestetik, Zarauzko lau dendatan (Ibai Ondo, Ciclos Eizagirre, Alkorta eta Urrestilla) txip-ak erosi ahalko dituzte bizikleta jabeek, 19 euro ingururen truke. Txip horri esker bizikletak euren artean bereizi ahalko dira aurrerantzean. Gailuak hainbat datu jasoko ditu eta horiek datu base batean gordeta geratuko dira. “Gainera, segurtasun sistema gisa funtzionatuko du; izan ere, lapurrek arazoak izango dituzte markaketa gailu hori kentzeko” azaldu zuen segurtasun sistema kudeatzen duen Bicitronic enpresako zuzendaritzak.
Gaur txip-aren inguruko informazio osatua eskaini dute karpan, eta euren bizikletak erregistratzeko aukera izan dute herritarrek.