Kendutakoa berreskuratu du itsasoak Orion

Urola Kostako Hitza 2010eko azaroaren 13a

Orioko barra txikitu du itsasoak Itsasoak haserretzen denean, gizakiak urteetan zehar kendu diona azkar berreskuratzen du. Hori gertatu zen ostegun goizaldean Orion, hondartza eta ibaia bereizten dituen barraren zati bat eraman baitzuen itsasoak. Orain ezinezkoa da puntaraino iristea 30 metro inguruko hutsunea baitago. Udaltzainek herritarrak inguru horretara gerturatu ez daitezen hesia jarri duten arren, jende ugari hurbildu zen atzo eta baita gaur ere itsasoak eragindako kalteak zuzenean ikustera eta itsasoa ondo ezagutzen duten arrantzaleek eta herritarrek errespetuz begiratzen diote hutsuneari. "Barra dagoen bezala egonda, ez badute azkar konpontzen beste hainbeste eraman dezake itsasoak. Ondo dakigu itsasoak zenbateko indarra duen eta lehen ura noraino iristen zen; orain pasealekua, etxebizitzak edota parkea egon arren, itsasoak zakarra dagoenean ez du barkatzen" azaldu dute adi-adi erretiratutako bi arrantzalek barran indarrez lehertzen diren olatuei begiratzen dieten bitartean. "Lehengo barra zaharrak eraman izan ditu itsasoak, baina oraingo barra berri hau ez; horrela ez behintzat. Harriak mugitu izan ditu, baina horrelako zuloa egiteko izugarrizko indarrez jo behar zuen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide