Lautik hiru eskualdeko harri-jasotzaileak

Urola Kostako Hitza 2010eko azaroaren 12a

Etzi, igandea, Euskadiko Harri Handietako Harri-jasotze Txapelketa jokatuko da, 12:00etan hasita, Aldatzen (Nafarroa). Lau harri-jasotzaile ariko dira bertan: Aimar Irigoien errezildarra, Joseba Ostolaza zestoarra, Unai Lertxundi aiarra eta Urtzi Telleria lasartearra. Irigoien eta Ostolaza dira beteranoak txapelketa honetan, biak lau aldiz dute txapela jantzita: Irigoienek, azken lau urtetan segidan, 2006an, 2007an, 2008an eta 2009an; eta, Ostolazak aurreko lau urteetan, 2002an, 2003an, 2004an eta 2005ean. Txapelketa gehienetan jokatu duena, berriz, Ostolaza da, hamabost aldiz jokatu du. Irigoien da faborito nagusia, baina azkenaldian pattal samar ibili da eta baja izango den zurrumurrua ere ibili da. Urola Kostako Hitza gaur goizean Irigoienekin hitz egiten saiatu da baina ez du lortu, hala ere jakin du txapelketara joatekoa dela. Ostolaza, berriz, "ondo eta gustura" aurkitzen da Harri Handietako txapelketa jokatzeko. "Amezketako txapelketan ondo ibili ginen eta gustura nago", dio. Aimar Irigoien joatekoa dela uste du Ostolazak eta errezildarrari txapela kentzea zaila izango dela uste du, "behin Aimar han bada zaila izango da hari aurrea hartzea". Unai Lertxundi eta Urtzi Telleria dira berrienak harri handien lehian. Aurrenak bigarren aldiz jokatuko eta bigarrenak aurrenekoz. Ostolaza gustura dago harri-jasotzaile gazteak txapelketara gehitu direlako, "nik gustura utziko nioke txapelketara joateari, baina ikusiz gero gazteek izena ematen dutela lehiarako. Aurten, behintzat, bik izena eman dute eta pozgarria da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide