Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astearte iluntzean hainbat jatorritako oriotarrak Orioko Kultur Etxean bildu ziren, herritarrei Auzoko ekimenaren berri emateko. Ekimena Topagunea Euskal Elkarteen Federazioak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarlanean sortutako programa da. Euskal Herriko hainbat udalerritan abiatu dute, modu pilotuan; tartean, Orion.
Asteartean euskaraz, gaztelaniaz, arabiarrez eta Senegalgo wolof hizkuntzan aurkeztu zuten auzotarrek; auzokideek abiatu berri duten Auzoko ekimena. «Auzotarrak euskaraz dakiten herritarrak dira, eta auzokideak euskaraz ikasi nahi dutenak. Denon artean Auzoko sortu dugu». Egitasmoarekin, «herrian erroldatu berri diren herritarrak eta euskararengandik urrun bizi diren herritarrei euskara hurbildu nahi diegu eta, era berean, herritarrak herriko hizkuntz aniztasunaren jabe egin». Bi helburuak uztartuz, beste ama hizkuntza bat duten herritarrak harremanetan jarri nahi dituzte, norberarena aintzat hartu eta euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa oinarritzat hartuta.
«Auzotarrok euskara erakutsiko diegu auzokideei, baina ez dugu ahaztu behar auzotarrok auzokideengandik haien hizkuntza, kultura edota ohiturak ere ikas ditzakegula», azaldu zuen Arantxa Arrillagak, Orioko Auzoko egitasmoaren arduradunak. Astelehenetan, 11:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:30era izaten dira Auzoko programaren saioak. «Goizeko taldea liburutegian biltzen da eta arratsaldekoa, berriz, Kultur Etxeko areto nagusian». Gainera, bihartik aurrera ostiralero, 19:00etatik 20:30era, Kosta Tailerrean, munduko dantzak ikasteko ere geratuko dira. «Oriotar guztiak daude ekimenean parte hartzera gonbidatuta».
Euskara ikasten lagunduz
Orioko Udalaren laguntza izan dute Topaguneak eta UEMAk Auzoko ekimena Orion abiatzeko. Orioko Udaleko Euskara batzordeburu Iñaki Iturain aurkezpen ekitaldian izan zen, eta horrelako ekimenek duten «garrantzia» nabarmendu zuen. «Oso izen egokia aukeratu duzue egitasmoarentzat, auzo hitzak askorako ematen baitu euskaraz. Auzolana da egin behar duguna, eta gure hizkuntza kanpotarrei ematea da kasu honetan helburua. Eurak ahalegin handia egin behar dute ikasteko, eta guri dagokigu bide horretan gauzak erraztea». «Badaude herrian kanpotik etorri diren herritarrak euskara ikasi nahi dutenak, eta herriak jakin behar du hori egin dezaketela, baina horretarako gure laguntza behar dutela. Ahalegina egiten dutenean eskertu egin behar zaie; hori irrifar baten bidez edo ahal den neurrian hitz horri jarraipena emanda egin daiteke».