Atzoko itsasaldiak kalte ugari eragin ditu herrian. Zarautz eta Getaria arteko pasealekuko 25 metro baranda eta 15 metro espaloia eraman zituen itsasoak. Bigarren tunelaren ondoko zatian gertatu zen hori. Horretaz gain, lehenengo tunelaren pareko pasabidean ere izan dira kalteak. Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, sei metro koadro zoladura altxatu eta hormigoizko zolarria kaltetu zuten atzo pasealekuaren kontra jotako olatuek.
Malekoian ere izan da txikiziorik. Zoruaren 25 metro koadroko zati bat altxatu zuen itsasoak. Horretaz gain, Munoa plaza eta malekoia lotzen dituen eskaileretako sei metro harrizko baranda puskatu zen marearen eraginez. Dukeneako jolas parkean kalte nabarmenak izan dira. Txirrista bat txikituta geratu da, beste jolas bat apurtu da eta kautxuzko lurra aldatu beharra dagoela nabarmendu dute Udal ordezkariek. Era berean, zenbait hiri altzari txikituta agertu dira gaur, metalezko hiru baranda, eserleku bat eta argi foko bat, hain zuzen.
Itsas pasealekuko tabernei dagokienez, hainbat lokaletan hondarra eta ura sartu da. Era berean, hiru tabernetako eta arraun elkartearen lokaleko sarrerako ateak kaltetu dira.
Horri guztiari, itsasertzeko eta hondartzako garbiketa bereziak gehitu behar zaizkio.
16 litro ur metro kubikoko eta orduko
Gaur itsasoak lasaiago baldin badago ere, euria da nagusi. Hala, gaur 16 litro ur jaso dute orduko metro kubikoko.