Herritarren Partaidetzaren logoa aurkeztu dute gaur eguerdian Zarauzko udal aretoan. Bertan izan dira Herritarren partaidetzako zinegotzi Patxi Elola, teknikari Nerea Ollokiegi eta logoaren egile Joxean Legorburu. Logoa irudi geometriko bat da, eta “herritarren batasuna” islatzen duela adierazi du Legorburuk. Egilearekin Mar Arregik, Maria Jose Legorburu eta Letizia Eizagirrek kolaboratu dute irudia egiterakoan. “Biribil horretan hainbat gauza jasotzen dira”, azaldu nahi izan du Elolak: “Bertan agertzen diren hitzak, Herritarren Partaidetzak, argi erakusten du gure ezaugarria eta arloa. Irudiaren barruan jende multzo bat dago, besoak zabalik, elkarlanean dabiltza, harmoniaz. Beraz, irudi geometriko hauekin ongi adierazten da elkarlana dela gure helburua”. Aurkeztu berri duten zigilu edo logoa Herritarren Partaidetza departamentutik antolatzen dituzten jarduera guztietan erabiliko dute hemendik aurrera.
Hans Harms adituaren hitzaldia
Partaidetzaren inguruan oraindik ikasteko “asko” dagoela nabarmendu du Ollokiegik, bai herritarren aldetik bai agintean daudenen edota horretan lanean dihardutenen aldetik. Ikasketa horretan sakontzeko, Donostian bizi den Hans Hams filosofo alemaniarra gonbidatu dute etzi arratsaldean hitzaldia ematera. “Bere ikuspuntutik partaidetza nola ulertzen duen, nola antolatu beharko litzatekeen eta zein egoeretan gauden azalduko digu”, aditzera eman du teknikariak. Hitzaldia udal aretoan izango da, 19:00etatik aurrera.