Aurreikuspenak bete dira, eta olatuak gogor ari da jotzen kostaldean. Zarautz eta Getaria arteko itsas pasealekuan eragin ditu jada kalteak: hogei metro baranda eta hamabost metro zoru eraman ditu itsasoak. Zati horretan oinezkoek errepidera egin behar dute salto, beraz. Segurtasun zerbitzuek ohartarazi dute arriskutsua izan daitekeela bertatik ibiltzea, eta aukera hori ekiditeko eskatu dute.
Plastikozko zintak debekatzen du Getaria eta Zarautz arteko pasealekurako sarrera, baina hala ere herritar ugari inguratu da itsasoa ikustera. Zenbait surferako prest ere izan da. Hala, Karramarro pareraino hurbildu dira laupabost surflari.
Bart goizaldeko haize boladak eta marea gora direla-eta, Zarautz eta Zumaia arteko kostako errepidea N-634a itxi egin behar izan dute ibilgailuentzat arriskutsua zegoelako. Goizean zehar errepidea berriz irekiko dutela azaldu dute Herrizaingo Sailetik; goizaldean luiziak izan dira eta argitu denetik errepidea garbitzen ari dira langileak, lanak bukatutakoan irekiko dute berriz errepidea.
Dena dela, 18:00etan marea gora izango da berriz eta 16:00etatik 20:00etara errepidea berriz ixteko asmoa dute.
Gorabeherak moilan, Munoan eta malekoian
Getariara doan pasealekuan izan ezik, hainbat gorabehera izan dira Zarautzen. Moilan, esaterako, hainbat herritar bildu dira bertako txalupak zuzentzeko; izan ere, indarrez sartzen ziren olatuek bat baino gehiago irauli dute. Haietako bat, gainera, portutik atera eta hondartza ingururaino iritsi da; arroketan dago kateatuta.
Munoan ere izan dira kalteak. Plazatik malekoira bitarteko eskailera zatiak erori dira hondartzara eta hainbat langile itsas pasealekuko zorua konpontzen ari dira. Era berean, itsasaldi zakarren indarrak hondarrez estali du itsasertzeko ibilbidea. Kalteak sahieste aldera, hondartzatik gertuen dauden tabernetako beirateak egurrekin estali dituzte.







