Getariako Artzape herri aldizkariak urriko zenbakia banatu zuen joan den astean, eta hainbat harpidedun kexatu egin da postontzian aldizkaririk jaso ez duelako. “Gogorarazi nahi dugu orain aldizkaria harpidedunei bakarrik banatzen diegula, hau da, Artzape diruz laguntzen dutenei bakarrik. Horregatik, mesedez eskatzen diegu herritarrei ez hartzeko besteren postontzitik norberarena ez den aldizkaririk”, azaldu dute Artzape-tik.
Horren harira, Artzape-ko harpidedun izan nahi dutenek, horretarako aukera dute: urtean 20 euro ordainduta urtean hamar hilabetetan aldizkaria jasoko dute euren etxeetan, eta zorion agurrak doan jartzeko aukera izango dute. Artzape-ko harpidedun egin nahi duten herritarrek 943-000548 telefono zenbakira hots egin behar dute, artzape@topagunea.com helbidera idatzi edo Txeruko postontzian euren datuak utzi.