Bihar Kultur Taldeen Eguna ospatuko dute herriko talde eta elkarteek, Zestoako Udalaren laguntzarekin. 11:00etatik 14:00etara herriko plazan bilduko dira talde guztiak, herritarrei beren jardueren berri emateko. “Esperimentua izango da, formatu txikiko gauza”, adierazi du Udaleko Kultura teknikari Fernando Arzallusek. “Baina helburu sendo eta garrantzitsua du ekimenak”.
Kultur taldeek elkar ezagutzea eta koordinazioa sustatu eta erraztea da helburu horietako bat. Duela bi urtetik hilero biltzen dira taldeok elkarren berri izan eta jarduerak koordinatzeko. Eta ekimen honek, hori sendotzeaz gain, jende berria erakartzeko ere balioko dielakoan daude kultur eragileak. “Hainbat talderen jarduerak aski ezagunak dira, baina beste zenbaitena ezkutuxeago gelditzen da askotan”, adierazi du Arzallusek.
Aurkezpenaz gain, 11:00ak eta 14:00ak bitartean kultur taldeek euren jarduerekin zerikusia duten ikastaro trinkoak eskainiko dituzte. Eta 12:00etatik aurrera, gainera, emanaldi laburrak ere eskainiko dituzte. Hala, Idiakaitz txistulari taldeak kalejira egingo du. Haren atzetik eskainiko dute saioa Itxaropena dantza taldeak, Amalda abesbatzak, Ertxina musika eskolako ikasleek eta Udal Musika Bandak.