Getariako Udalak 70 urtetik gora dituzten herritar guztien etxeetan suteak detektatzeko gailuak jarriko ditu. Getariako alkate Andoni Aristik azaldu duenez, gailua 150 etxebizitzetan jartzea aurreikusi dute, eta bi aste barru hasiko dira horiek muntatzen.
“Udalak ordainduko du detektagailua, bai instalazioa bai urtero egin behar den mantenu lana”, azaldu du Getariako alkateak.
Suteak ekiditeko zerbitzua kudeatuko duen A tiempo enpresako ordezkari Jon Ensunzak azaldu duenez, sua detektatzeko gailuak ohikoak dira Alemanian, Frantzian nahiz Europa iparraldeko hainbat herrialdetako etxebizitzetan.
Getarian abiatuko duten zerbitzuak hiru fase izango ditu. Lehenik eta behin, etxebizitza bakoitza ikuskatuko dute; hau da, gasaren inslatazioa eta galdara, argi indar instalazioa, berogailuak eta suburua egoera onean dauden egiaztatuko dute. Horretaz gain, 70 urteko herritarrei segurtasun neurriak biltzen dituen eskuliburua ere emango diete, ezbeharren bat gertatuz gero zer egin behar duten jakin dezaten. “Bestetik, su detektagailua instalatuko dute. Horrek bi alarma mota ditu: argizkoa eta soinuzkoa. Detektagailua instalatzeko ez da obrarik egin behar eta ez du argi indarrik behar, detektagailuak ordezkagarria den bateria txiki bat baitu”. Azkenik, A tiempo enpresak gailua instalatuko duten etxebizitza bakoitzeko planotxo bat egingo du.