Oier Astigarragak ez du Orioko futboleko gizonen lehen taldearen entrenatzaile izaten jarraituko

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 6a

Oier Astigarraga Orioko futbol klubean (Orioko futbol taldea)

Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzak aldaketa garrantzitsua iragarri du. Bi aldeek hartutako erabakia izan dela azaldu du klubak, egungo egoera pertsonalari eta kirolari lotutako zailtasunak tarteko.

Orioko Futbol Taldeak jakitera eman du Oier Astigarragak ez duela aurrerantzean gizonen lehen taldeko entrenatzaile karguan jarraituko. Bi aldeen arteko erabakia izan dela ere esan dute.

Hala, zuzendaritzak eskerrak eman dizkio Astigarragari "orain arte egindako lanagatik, erakutsitako konpromisoagatik eta eguneroko dedikazioagatik". Profesional "bikaina" izan dela, eta etorkizunean erronka garrantzitsuei aurre egiteko gaitasuna eta prestakuntza dituela argi utzi du klubak.

Egungo egoera kontuan hartuta, aldaketa beharrezkotzat jo dute bi aldeek. Zuzendaritzaren arabera, "taldearen barruan gertuko harreman pertsonal ugari egoteak zailtasun bereziak sortzen ditu entrenatzailearen eginkizuna betetzerakoan", eta hori izan da erabaki honen arrazoi nagusia.

Klubak nabarmendu du Astigarragak klubeko egituran jarraituko duela lanean, harrobiko eginkizunetan, orain arte erakutsi duen ilusio eta profesionaltasun berdinarekin, eta "oso harro" daude bera egituran izateaz. Bere lan egiteko modua, balioak eta konpromisoa "eredugarriak" direla, eta "eskolan lehen urratsak ematen dituzten hau guztientzat erreferente garrantzitsua" dela azpimarratu dute. Etorkizunean ere klubari eta jokalariei ekarpen handia egiten jarraituko duela esanez amaitu dute ohar ofiziala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide