Traineru denboraldiko aurreneko harrera jaso dute Orioko arraunlariek

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 1a

Gipuzkoako Traineru Txapelketa Oriok irabazi zuen atzo Getarian. Kostatako garaipena izan zen, eta iluntzean merezitako ongietorria egin zieten herritarrek, Orioko Txarangak girotuta. 

Iazko traineru denboraldian igande iluntze gutxi libratuko ziren itxafero eta txaranga doinurik gabe, Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek ia bandera guztiak etxeratu baitzituzten. Aurten ikusteko dago zer gertatuko den, baina ez dirudi astearen hondarrak oso bestelakoak izango direnik. Liga ez da hasi, baina atzo aurreneko harrera jaso zuten Orioko gizonezkoek, goizean Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi ondoren. Ez zen garaipen erraza izan –ikusi hemen kronika eta emaitzak– eta ondo merezita zuten ongietorria. 

Zale batzuk ezustean harrapatu zituen harreraren kontuak, eta ohi baino jende gutxiago bildu zen Herriko Plazan. Orioko Txarangak, ordea, betiko giro alaia jarri zion ongietorriari. Pare bat pieza jo, Errusta aurrean talde argazkia atera arraunlariekin eta banderarekin, eta udaletxerantz abiatu ziren irabazleentzako ohiko pieza joz. Udaletxeko balkoian arraunlari guztiek eta entrenatzaileak banan-banan bandera astindu, eta txarangak Mirotzak abestia jo orduko, denek elkarrekin eskuak altxa, eta halaxe amaitu zen atzo ere alirona

Txarangak, hori bai, bertan ziren herritarrei pieza gehiago eskainiz jarraitu zuen minutu luzez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide