Getarian jokatu dute gaur goiz eta eguerdi partean Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Orioko, Zarauzko eta Zumaiako gizon-emakumeen traineruek parte hartu dute, baita Getariako gizonek ere. Etxeko taldeak lan ona egin du, eta hirugarren sailkatuta, txartela lortu du datorren asteburuan berriz ere Getarian bertan jokatuko den Euskadiko Txapelketan lehiatzeko. Txartela lortu duen beste taldea Orioko gizonezkoena izan da: bandera haiek etxeratu dute gaurkoan ere, joan den denboraldian erakutsitako nagusitasunari eutsiz. Gaurkoan, hori bai, azkenera arte borrokatu behar izan dute lehia irabazteko.
Estropadako lehen luzean bizkorrena izan da Orio, baina gero distantzia berreskuratuz joan dira Kaiarriba eta Getaria, eta azkenean, ehuneneko batzuen aldearekin gailendu zaizkie oriotarrak donostiarrei. Euskadiko lehiarako laugarren txartela Hondarribiak eskuratu du. Oriok 20:24,22 denboran amaitu du estropada, Kaiarribak 33 ehuneneko geroago (20:24,55), eta Getariak sei segundora (20:30,73). Zarautz bosgarren izan da, eta Zumaia, zazpigarren.
Emakumezkoetan ez da halako lehia bizirik egon, eta hor ere iazko joerak jarraitu du, Arraun Lagunakentzat izan baita Gipuzkoako bandera, gainerakoei aise gailenduta: 10:59,72 denboran osatu du estropada, eta San Juan zazpi segundora helmugaratu da, 11:07,10 denborarekin. Tolosaldeak osatu du podiuma, 11:09,03 denbora eginda.
Eskualdeko talderir ez da sailkatu lau ontzi onenen artean, eta beraz, Euskadiko Txapelketa jokatzeko aukerarik gabe gelditu dira. Txartela lortu duten beste hiru traineruak San Juan, Tolosaldea eta Hondarribia izan dira. Zarautz seigarren izan da, Orio zazpigarren, eta Zumaia, berriz, azken postuan gelditu da, bederatzigarren eginda.
Harrera Orioko traineruari
Ohikoa den bezala, senior kategoriako talde batek traineruarekin irabazten duenero, igandeetan 20:00etan harrera egingo zaio Orion. Errusta tabernatik hasita Orioko Txarangak girotuta egingo dute harrera, eta gaur izango da denboraldiko aurrenekoa.
Sailkapenak
Emakumezkoak:
- Donostia Arraun Lagunak 10:59,72
- San Juan 11:07,10
- Tolosaldea 11:09,03
- Hondarribia 11:13,18
- Kaiarriba 11:14,05
- Zarautz 11:18,13
- Orio 11:22,17
- Hibaika 11:22,51
- Zumaia 11:33,28
Gizonezkoak:
- Orio 20:24,22
- Kaiarriba 20:24,55
- Getaria 20:30,73
- Hondarribia 20:40,20
- Zarautz 20:57,28
- San Juan 20:58,99
- Zumaia 21:16,66
- Hibaika 21:39,76
- Lapurdi 21:51,31
- San Pedro 21:54,19
- Mutriku 23:07,63
Getariako Arraun Elkartea, gustura
Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidenteak gaurko jardunaldiaren balorazio positiboa egin dio Gukari. Batetik, antolaketa aldetik eta estropadei dagokienez ez delako arazorik egon, eta bestetik, etxeko traineruak emaitza ona lortu duelako. "Gure mutilak ere gustura daude egindako lanarekin, ez dago gehiago eskatzerik, podiuma eginda". Datorren astean Euskadiko Txapelketan parte hartuko dute, eta Goikoetxeak espero du "berriro ere itxura emateko moduan izatea". Gaurko irabazleak zoriondu nahi izan ditu egin duten lanagatik.
Getariako klubak 50 urte betetzen ditu aurten, eta horregatik antolatu dituzte herrian Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak. Behin horiek pasata, abuztuan izango dute hurrengo hitzordua herrian, traineru ligako estropadak hartuko dituztelako.