Danborrada izango da aurtengo sanpedroetan, eta izen ematea dagoeneko zabalik da

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 29a

Herritarrak, udaletxeko balkoitik ikusita, San Pedro jaiak ospatzen. (Guka)

Herritar guztiei zuzendutako ekimena izango da, eta izen ematea zabalik egongo da ekainaren 3ra arte. Lehen entsegua, berriz, ekainaren 5ean izango da 19:00etan, DBHko plazoletan. Gainera, danborrada mozorro egunean ospatuko dute, eta hortaz, parte hartzaileei mozorrotuta joateko deia egin zaie. 

Herritar talde baten ekimenez, ekainaren 26an, ostiralarekin, San Pedro festetako danborrada egingo da. Herritar guztiei zuzendutako ekimena da, eta izen ematea zabalik egongo da ekainaren 3ra arte, galdetegi honen bidez.

Danborrada prestatzeko entseguak astero egingo dituzte: ostiraletan 19:00etan, eta larunbat zein igandeetan 12:30ean, egunak txandakatuz. Entsegu egunak hauek izango dira: ekainak 5, 13, 14, 19 eta 25. Parte hartzaileek gutxienez hiru entsegutara joan beharko dute danborradan parte hartu ahal izateko, eta lehen entsegua ekainaren 5ean egingo da, 19:00etan, DBHko plazoletan. Antolatzaileek jarriko dituzte danborrak eta barrikak, eta parte hartzaileek gerrikoa eraman beharko dute. Instrumentuak izen ematearen arabera banatuko dira.

Gainera, danborrada mozorro egunean izango denez, parte hartzaileei mozorrotuta joateko deia egin zaie. Aurtengo gaia Euskal Telebista izango da, hain justu.

Danborradaren ondoren, gainera, parte hartzaileek aukera izango dute plazan elkarrekin afaltzeko. Horretarako, antolatzaileek ogitartekoak prestatuko dituzte, eta izena emateko galdetegian aukeratutako ogitartekoa zehaztu beharko da. Afaria eskatzeko azken eguna ekainaren 23a izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide