Zabaldu dute Sormen Bizian Bekara proposamenak aurkezteko epea

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 21a

Benito Lertxundi, Balearen Egunaren harira Arraunetxen eskaini zuen hitzaldian. (Intza Trula)

Aurreneko edizioa da, eta 7.000 euroko dirulaguntza emango du Orioko Udalak, Benito Lertxundiren biografian edota obra artistikoan oinarritutako sormen lan bat bultzatzeko. Interesdunek ekainaren 20ra bitarteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. 

Sormen Bizian Bekaren lehen edizioa martxan da, eta Orioko Udalak jakinarazi du proposamenak aurkezteko epea zabalik dutela herritarrek. Udalak 7.000 euroko dirulaguntzarekin bultzatuko du aukeratutako proiektua; horrek lotura zuzena eduki beharko du Benito Lertxundirekin. Izan ere, Balearen Egunaren testuinguruan aurkeztu zuen udalak deialdia, eta interesdunek haren biografian, obra artistikoan, abestietan, letretan edota doinuetan oinarritutako proposamenak aurkeztu beharko dituzte. Hala, "Lertxundik euskal kulturari egindako ekarpena aitortu eta balioan jarri nahi da, eta, aldi berean, Orioko ondare immaterialaren kontserbazioan eta zabalkundean beste urrats bat egin"

Udalak jakianarazi du ez duela amaierako obra edo produktua lagundu nahi diruz; "sortzaileari sorkuntzara dedikatzeko denbora eskaini naihi zaio, prozesuan lagundu". Arte diziplina guztiak izango dira kontuan: literatura, musika, antzerkia, argazkilaritza, bertsolaritza, poesia, sorkuntza digitala, arte plastikoak edo diziplina arteko proposamenak, besteak beste.

Proposamenak lehiaketa erregimenean baloratuko dituzte, oinarri arautzaileetan jasotako irizpideen arabera, eta puntuazio handiena lortzen duen proiektuak jasoko du beka. Aurkeztuko diren lanek jatorrizkoak izan beharko dute, sormenaren hasierako fasean egon, eta euskara hutsean egindakoak izan.

Eskaerak Orioko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo udal erregistroan aurkeztu beharko dira. Deialdiaren oinarriak lotura honetan daude kontsultagai.

Kulturaren plan estrategikoa abiapuntuan

Sormen Bizian Beka egitasmoa Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoan (OKEPE) jasotako lan ildoetako bat da. 2024-2028 epealdirako osatutako dokumentuan, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzeko beharra identifikatu zuen udalak, eta hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko Sormen Beka garatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide