Orioko EH Bildu: "Frontoiaren behin betiko diseinua herriko eragile, elkarte eta herritarrekin elkarlanean definituko da"

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 21a

Orioko frontoia, eraitsia izan baino lehen. (Julene Sorarrain)

EAJk aste honetan udal frontoiaren inguruan egin dituen adierazpenei erantzun dio EH Bilduk, argituz herritarrek ez dutela frontoi berriaren aukeraketa "soilik mapa batean puntu bat aukeratuz" egingo; "erabilera, integrazio eta herri ikuspegi desberdinen artean erabakiko dute". Halaber, "herriaren etorkizunari buruzko eztabaida eraikitzailea sustatu beharrean, hauteskunde giroko polemika elikatzea" leporatu dio EAJri.

Orioko EAJk aste honetan udal frontoiaren inguruan egin dituen adierazpenen aurrean, EH Bilduren udal gobernuak zenbait argibide eman nahi izan ditu. Alde batetik, gogora ekarri du Orioko EAJk 2007tik izan zuela frontoi zaharra eta bere ingurua "ordenamenduz kanpo". "Gaur egun oraindik indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) hondartza eremuan frontoia egitea ahalbidetzen zuen arren, jakina da bai pilota elkarteak bai herritar askok ez zutela aukera hori egokitzat jotzen". Horren aurrean, EAJk "urte luzez erronka horri benetan heldu ez" izana nabarmendu du, "bazekielako gatazka eta desadostasun iturri izango zela".

EH Bilduk, bere aldetik, azken zazpi urteetan HAPO berriaren lanketari "seriotasunez" heldu diola gaineratu du, "Orioren etorkizuneko erronkei erantzungo dien herri proiektu integrala garatzeko helburuarekin", hain zuzen. Halaber, HAPOk jada behin betiko onarpena jaso duela gogoratu dute, eta indarrean sartzeko "azken izapide administratibo txiki bat baino ez" dela falta argitu dute.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk iritzi dio HAPOren behin betiko onarpena jaso aurretik herri galdeketa sustatzea "arduragabekeria" izango zela, Palota eremuan frontoia egitea "juridikoki eta urbanistikoki bermatuta ez" zegoelako. "Beste batzuek 'haizea saltzea' ohitura izan dezaketen arren, guk ez dugu horrela lan egiten", nabarmendu du udal gobernuak.

Orain, baldintza guztiak ematen ari direnean, ekaineko lehen asteburuan herri galdeketari ekingo diote. Orioko EH Bildurentzat, gainera, EAJk planteatzen duen bezala, eztabaida ez da soilik "non" eraiki behar den. "Guk ere argi dugu hori. Izan ere, herritarrei 'non' galdetzearekin batera, 'nolako frontoia' nahi den ere erantzuten eta galdetzen ari gara". Horren erakusgarri jarri dituzte aurkeztutako bi aurreproiektuak. Udal gobernuarentzat, ez dira "kokapen hutsak" soilik; "bi herri eredu eta ekipamenduaren bi ulermen modu" dira.

Palotako aukerak herriguneari lotutako plaza izaera eta kultur eskaintza indartzea planteatzen duen bitartean, Abaromendiko aukerak kirol azpiegituren sarea osatu eta indartzea du helburu. "Beraz, herritarrek ez dute soilik mapa batean puntu bat aukeratuko; erabilera, integrazio eta herri ikuspegi desberdinen artean erabakiko dute", azaldu du EH Bilduk.

Hori ez ezik, aurkeztutako proposamenak "aurreproiektuak" direla azpimarratu dute, eta udal gobernuak argi utzi du "behin betiko diseinua herriko eragile, elkarte eta herritarrekin elkarlanean" definituko dela. Hain zuzen ere, parte hartze prozesu horretan zehaztuko dituzte "ekipamenduaren azken ezaugarriak, erabilerak eta barne antolaketa". "Herritarren beharrak ez dira bulego batean asmatu. HAPOaren diseinua lantzen ari ginen bitartean, paraleloan egin diren parte hartze prozesuetatik jaso dira ekarpenak eta beharrak", gehitu du udal gobernuak.

Gainera, martxan jarriko den prozesuak "gardentasun eta berme guztiak" izango dituela jakinarazi dute. Horretarako, bozketa publikoa egingo da, identifikazioarekin, eta emaitzen zenbaketa jendaurrean gauzatuko dute. "Nahiz eta legez loteslea ez izan, udal alderdiok konpromiso politikoa hartu dugu herritarren hitza errespetatzeko eta emaitzak oinarri hartuta behin betiko erabakia hartzeko".

Udal gobernuaren hitzetan, oriotarrentzat "une historikoa" izango da ekaineko lehen asteburua. "Aspaldiko partez, herriak zuzenean izango du aukera Oriorentzat hain garrantzitsua eta estrategikoa den gai baten inguruan iritzia emateko. Ez da ohiko prozesu bat: herri galdeketa honek balio demokratiko eta komunitario handia du, eta gainera, hasieratik inplikatutako eragileekin, bereziki pilota elkartearekin, elkarlanean landu eta diseinatu da".

Testuinguru horretan, udal gobernuarentzat "harrigarria eta kezkagarria" da "batzuek prozesu hau alderdikerian zikintzen saiatzea". Izan ere, "herriaren etorkizunari buruzko eztabaida eraikitzailea sustatu beharrean, hauteskunde giroko polemika elikatzea" aukeratu dutela leporatu dio EAJri. "Horrek argi erakusten du batzuentzat herriaren interes orokorra bigarren mailan geratzen dela interes alderdikoien aurrean", gehitu du EH Bilduk.

Azkenik, udal gobernuak gogora ekarri du hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta dela, eta egoera horren aurrean, "zalaparta eta polemika artifiziala sortzeko saiakera tamalez ohikoa" bihurtzen ari dela salatu du. "Guk, ordea, argi dugu zein den bidea: herritarrengan konfiantza izatea, erabakiak gardentasunez hartzea eta Orioren etorkizuna elkarlanean eraikitzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide