320 korrikalarik parte hartuko dute VI. Talai Mendi Trail lasterketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 21a

2023ko mendi lasterketako une bat. (Jabi Gonzalez Toston)

Larunbat arratsaldean egingo dute hamalau kilometroko korrika saioa, eta aurtengoan bi urdaiazpiko zintzilikatuko dituzte ibilbidean, bat gizonentzat, eta beste emakumeentzat. Hartzen duenak zortzi kiloko piezarekin iritsi beharko du helmugaraino. 

Larunbat honetan hasiko da Kukuarri Astea, eta ohi bezala, Talai Mendi Trail mendi lasterketarekin abiatuko da egitaraua. Korrikalariek hamalau kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Orioko Herri Ikastolaren aurretik abiatuta. 17:00etan hasiko da proba, eta berehala helduko diote aldapari, Kale Nagusian gora joango baitira San Martin ermitaraino. Anduraino jarraituko dute, eta handik Puntarrira. Puntarritik Anduko borda bateraino jaitsiko dira, eta handik Kukuarriko gurutzera igoko dira. Ondoren, pistatik Bentara joango dira, eta handik Lusarbeko merenderora. Berriz zuzenean Puntarrira joango dira, eta bigarrenez Kukuarriko tontorrera igoko dira. Handik helmugara jaitsiko dira, hasitako puntu berera. 

Talaimendi elkarteak hiru anoa puntu jarriko ditu ibilbidean zehar jan-edanarekin, baina abisatu dute korrikalariek beraiek eraman beharko dituztela beren edalontziak. 

Ibilbidea betikoa izango da, beraz, eta 600 metroko desnibel positiboa edukiko du. 320 partaidek eman du izena lasterka egiteko, eta antolatzaileek jakinarazi dute aurten ere zintzilikatuko dutela urdaiazpiko bat ibilbideko zuhaitzen batean. Bat ez ezik, bi jarriko dituzte korrikalarien eskura, bat gizonentzat, eta beste bat, emakumeentzat. Urdaiazpikoa hartzen duenak, hori bai, helmugaraino korrika egin beharko du piezarekin, eta zehaztu dute zortzi kiloko pisua duela. 

Kukuarri Astea

Honakoa da egitarau osoa:

  • Maiatzak 23, larunbata: VI. Talai Mendi Trail mendi lasterketa, 17:00etan, Orioko Herri Ikastola aurretik abiatuta.

  • Maiatzak 26, asteartea: 17:00etatik 20:00etara, Got orientazio proba. Talaimendiren egoitzan (Iturbide kalea) izango du irteera.

  • Maiatzak 28, osteguna: 17:00etatik 20:00etara, slick-line saioa tirolinako parkean.

  • Maiatzak 30, larunbata: 16:00etatik 20:00etara, eskalada eliza inguruan, eta tirolina elizatik Herriko Plazara.

  • Maiatzak 31, igandea, Kukuarri Eguna: 09:00etan, Herriko Plazatik abiatuko dira Kukuarri puntara. 11:00etan, tontorrean elizkizuna, salda eta pintxoak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide