Mailari eusteko partida erabakigarria dute gaur Orioko Futbol Taldeko gizonezkoek

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 15a

Orioko Futbol Taldeko gizonezkoak. (Orioko FT)

Iluntzean Zubietan Deustoren aurkako partida irabaziz gero, asteburu honetan lor dezake Gorengo Mailan jarraitzea datorren denboraldian. Bestela, azken jardunaldian erabakiko da dena. Klubak zaleen bultzada eskatu du. 

Gaur 21:00etan partida garrantzitsua du Orioko Futbol Taldeko gizonezkoen lehenengo taldeak Zubietan. "Final bat", esan du klubak. Finala ez da, baina gaur Deustori irabaziz gero, Gorengo Mailari eusteko pauso sendoa emanda geldituko da, beste partida batzuen emaitzen zain. Galduz gero, azken jardunaldian –beste bat bakarrik gelditzen da– erabakiko da mailan mantenduko diren ala mailaz jaitsiko diren.

"Gaur irabaziz gero, bihar Balearen Eguna zoragarri ospatuko genuke, eta asteburu honetan bertan jakingo genuke jada mailari eutsi diogun", azpimarratu du klubak. 

Iaz sekulako denboraldia egin zuten gizonek zein emakumeek, eta mailaz igo ziren biak –emakumeek mailari eutsi diote–, eta horregatik, mailari eustea da helburua, eta klubak azpimarratu du zaleen beharra dutela gaur iluntzean.

Harmailak betetzera eta taldea animatzera deitu dituzte oriotarrak. "Zuen beharra daukagu. Ez dugu nahi ikusle bezala etortzea soilik. Partida gurekin batera jokatzera etortzea nahi dugu", esan du klubak. "Denboraldi honetan askotan sentitu dugu zer den Orioko zaleen indarra. Etxean zein kanpoan, momentu onetan eta txarrenetan, beti egon zarete hor. Eta jokalari batek ez du sekula ahazten harmailatik jasotzen duen bultzada hori". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide